Lugaritzeko bizitza osorako 54 etxebizitzak udan irekiko dituzte
Hiru urte baino gehiagoko lanen ondoren, Lugaritzeko bizitza osorako etxebizitzek obrek azken faseari ekingo diote. Barrualdean “azken ukituak” egin eta kanpoko hirigintza lanak falta dira, eta ondo bidean, udan hasiko dira bertan bizitzen lehen erabiltzaileak. Mendetasun egoeraren batengatik laguntza behar duten adinekoak eta haien familiak izango dira onuradunak.
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak instalazioak bisitatu dituzte, Matiako lantalde tekniko batek gidatuta. Komunikabideei egindako adierazpenetan, erakundeetako ordezkariak bat etorri dira proiektu hau “erabat berritzailea eta zahartze arloan erreferente” gisa baloratzean, Euskal Herrian abian jarri den mota horretako lehen esperientzia baita.
Matiak etxebizitza formula berriak identifikatu ditu, mendekotasun egoeraren bat duten eta zainketa malguak eta beren beharretara egokituak behar dituzten bikote eta familiei erantzunak eskainiz.
Guztira 16 milioi euroko aurrekontuarekin, Lorea eta Gurutze auzuneen artean, Matia 54 etxebizitza eraikitzen ari da alokairu-erregimenean (horietako 44 bi logelakoak, eta zortzi, hiru logelakoak). Gune berean, 40 adinekoentzako eguneko zentroa, kafetegia, aparkalekua eta Matiako bulegoak ere izango ditu. Erdiko plaza batek espazio guztiak lotuko ditu, komunitatearekiko lotura erraztuz, eta Donostiako Udala inguruan egiten ari den hiru igogailuek eta urbanizazio-lanek auzoa kohesionatzea lortuko dute.
Eneko Goia alkateak nabarmendu du “adineko pertsonen zaintzari begira proiektu garrantzitsu baten aurrean gaude”, Udala zonaldea urbanizatzeko egiten ari den obraren garrantzia azpimarratuz. “Jarduera horrek, zalantzarik gabe, hobekuntza nabarmena ekarriko dio inguruneari; izan ere, gozatzeko espazio berriak sortuko dira, eta nabarmen hobetuko ditu auzoko komunikazioa eta irisgarritasuna, hiru igogailurekin”.