Mikel Zabalzaren kasuari lotutako guardia zibil bat mailaz igo dutela salatu dute
Mailaz igo dutena Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jenerala da, eta Guardia Zibileko Sostengu Agintaritzako burua ere izango da.
![Mikel_Zabalza](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/04/mikel_zabalza.jpg)
Espainiako Gobernuko Defentsa ministro Margarita Roblesek eta Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Mikel Zabalzaren kasuari lotutako guardia zibil bat mailaz igotzea bultzatu dutela salatu du Egiari Zor fundazioak.
Berez, joan den urtean izendatu zuten, baina joan den astean jakin zen maila igoeraren berri, Espainiako Kongresuan egin zuen agerraldi baten ondorioz.
Hori horrela, Egiari Zor fundazioak arduradun politikoei, Arartekoari eta Euskal Herriko erakundeei eskatu die adierazpenak egiteko. «Nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude guri hainbestetan eraso egiteaz, jasaten dugun irain eta umiliazioak neurtzeko dagoen moral bikoitzaz eta baita hipokrisiaz ere».
Egiari Zor-ek azaldu duenez, bertsio ofizialak esan izan du Mikel Zabalza bere kasa hil zela, Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin zulo baten bila zebilela Bidasoa ibaira salto egin zuelako. Ordea, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketen biktimatzat jo zuen duela urtebete pasatxo. Egiari Zor-ek dio horrek erakusten duela Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak emandako bertsioa ez dela sinesgarria. Gainera, gogorarazi dute Guardia Zibilaren buru zen Pedro Gomez Nietok CESIDeko Juan Alberto Peroteri telefonoz esan ziola Zabalza Intxaurrondo kuarteleko torturen ondorioz hil zela.
Izan ere, Público hedabideak Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu zituen 2021ean. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.