Momar espezieko lau marrazo jaio dira Aquariumean
Aquariumeko Txuri eta Kontxita zezen marrazoek museoan bereganatu duten protagonismoa partekatuko dute kume jaio berriekin. Espezie kantauriar honen jaiotze prozesu osoa ezagutuko dute Donostiako museora joaten diren bisitariek.
Aquariumaren arabera, uraren eta ingurumenaren baldintza onek ahalbidetu dute azken astean lau momar marrazo jaio izana. “Biologo-taldeak neurtutako tenperaturaren eta uraren kalitatearen kontrol zorrotzari esker erditze hauek posible izan dira. Hasiera batetan kuarentenetako akuarioetan mantentzen ditugu bertan elikatu daitezen eta behin tamaina berezi bat hartu ondoren Aquariumeko ozeanario handira eramaten ditugu publikoak ikus ditzan”. Kantauri itsasoko kostaldean hamahiru marrazo espezie inguru bizi dira. Espezie horietako asko sakonera handian bizi dira, horregatik ez dira ikusten. Espezie horietako hiru Donostiako Aquariumean bizitzeko eta ugaltzeko egokitu dira, Aquariumeko ozeanarioaren “ezkutuko bitxietako bat” izanik.
Gaur egun, merkataritza eta aisialdiko arrantzaren ondorioz mundu osoko marrazo espezieak desagertzeko mehatxupean daude. Kalkulatzen da urtero 70 milioi marrazo hiltzen direla arrazoi beragatik. Marrazo-hegatsak arriskuan dauden espezie askoren beste mehatxu handi bat da. Espezie hauen hegatsak kontsumitzeko arrantza masiboa dakar, gorputza berriz ozeanora botatzen den bitartean. Asiako zopa tradizionalean erabiltzen diren marrazo-hegatsek merkatuko prezio oso altua dute, eta horregatik munduko arrain produktu baliotsuenetako bat dira. Merkatu honetarako urtero hiltzen diren marrazoen kopuruak 26 milioi eta 73 milioi artekoak dira.