Parte Zaharreko auzo elkarteak Arartekora jo du, udalak zarataren aurkako ordenantza urratzen duelakoan
Donostiako Udalak zarata kutsadurari buruzko araudia betetzeko “konpromiso falta eta pasibotasuna” duela uste du auzo elkarteak, eta kexa bat aurkeztu dio Arartekoari. “Zarata maila legediak baimentzen duenabaino askoz hadiagoa den arren, ez du kutsadura akustikoa murrizteko neurririk hartzen. Ofizioz ordenantzak ea betetzen diren egiaztatzeko ikuskapen planik ez du egin, eta bizilagunek egindako salaketen kasuetan ez ditu ikuskapenak modu eraginkorrean egiten”, adierazi du Parte Zaharrean Bizi elkarteak ohar baten bidez.
Salatu dute kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideak eragozten edo mugatzen dituela, eta udalak ez dituela erabiltzen zarata prebenitu ahal izateko esleituta dituen ahalak. Udalak zarataren inguruan hartu dituen azken hiru erabakiek kexa aurkeztera bultzatu dituztela aitortu dute: “Aisialdiak eragindako zarata aintzat ez hartzea Zarataren Mapak egiteko eta aurkeztutako alegazioari oraindik erantzunik ez ematea; bigarrenik, 2022an onartutako Zarata eta bibrazioek sortutako kutsadura akustikoari aurre egiteko udalaren jokabidea arautzen duen ordenantza etsigarria, eta azkenik, lizentziarik gabe instalatutako toldoen auzian irabazitako epaiketaren ondoren udalaren pasibotasuna”.
Joan den asteburuan, Parte Zaharrean Bizi Elkarteak deituta, protesta egin zuten hainbat bizilagunek. “Atsedenerako, osasunerako eta segurtasunerako eskubidea” aldarrikatu zuten.