Eskulturak musika bihurtuta, Tabakalerako soinu instalazio berrian

Tabakaleraren eskailera nagusiek soinu proiektu berri bat jasoko dute berriro: El espacio del tiempo (Denboraren espazioa). Juan Jose Aranguren eskultore donostiarraren lan batean oinarritutako pieza da, eta Andres Doñatek partitura bihurtu zuen geometriaren eta soinu sorkuntzaren arteko itzulpen ariketa harrigarri baten bidez.
Instalazio berriak “zerikusirik ez duten” bi lan erakusten ditu, baina jatorri “berbera dute eta bereizezinak” dira: alde batetik, Juan Jose Aranguren eskultoreak (Donostia, 1955) 1984an sortutako Canon bidimensional áureo 1 (Urrezko kanon bidimentsionala 1), eta, bestetik, Gliss, Andres Doñatek (Donostia, 1956-2015) Arangurenen lanean oinarrituta 2005ean konposatutako soinu-pieza.
Juan Jose Aranguren eskultoreak bere kanona 1984aren inguruan sortu zuen. Hamarkada batzuk beranduago, bere lana aurkeztu zion Doñateri topaketa informal batean, eta, emaitza gisa, Doñatek CD bat itzuli zion. CD horretan Gliss soinu sorkuntza zegoen, Arangurenen lanean oinarritutakoa. Horrela hasi zen kolaborazio hori, eta gaur egun Tabakalerako eskailera nagusiko soinudun instalazioan du bere isla.
Hurrengo bi hilabeteetan, Xabier Erkiziak Doñateren sorkuntzan oinarrituta egindako egokitzapen berezia entzun ahalko dugu, eta Arangurenek eskailera horietarako egindako kanonaren egokitzapena ikusi, lau poster handiren bidez ikusgarri egingo dena.