Sexu indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta zentroa irekiko du aldundiak Donostian
Gipuzkoako Foru Aldundiak gehienez 1,2 milioi euro inbertituko ditu Donostian, Goierrin eta Debagoienan egongo diren hiru lokal erosten.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak asteartean onartu du hirugarren sektoreko erabilerarako hiru lokal erosteko kontratazio espedientea onestea. Lokal horiek sexu indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta osoko zentro gisa erabiltzeko izango dira, eta gehienezko 1.167.650 euroko gastua baimentzea aurreikusi da. Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak adierazi duenez, Europako Funtsen bidez finantzatuko da gastu hau, eta lokal nagusia Donostian kokatuko da, beste bat Goierrin, eta hirugarrengo bat Debagoienan.
Mendozak sakondu duenez, “krisi zentro hauek laguntza zerbitzua eskainiko diete biktimei, eta informazioa eskainiko diete telefono bidez, telematikoki eta aurrez aurre, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan”. Etengabeko arretako eta premiazko jarduketako irizpideak betez, zentroek laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala emango diete biktimei, senideei eta haien inguruko pertsonei. Adierazi duenez, zentro hauek abenduaren 31 baino lehen jarri behar dira abian.