Senatura ere eramango dute Mikel Zabalzaren kasuari lotutako Arturo Espejo guardia zibilaren auzia
Pasa den astean argitara atera zen Espainiako Gobernuko Defentsa ministro Margarita Roblesek eta Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Mikel Zabalzaren kasuari lotutako guardia zibil bat, Arturo Espejo, mailaz igotzea bultzatu dutela. Askotariko erreakzioak sortu zituen albisteak, eta, besteak beste, guardia zibil hori saritzea salatu zuten Egiari Zor Fundazioak eta Altzako Mikel Zabalza Herri Ekimenak. Altzan bizi bazen ere, orbaizetarra zen Zabalza, eta, hain zuzen ere, Espejorekin gertatutakoa salatzeko agerraldia egin dute gaur Orbaitzetan (Nafarroa).
Bestalde, EH Bilduk Grande-Marlaskaren urgentziazko agerraldia eskatu zuen Espainiako Kongresuan, eta gaiari buruzko zenbait galdera erregistratu zituzten EH Bilduk berak, EAJk eta Unidas Podemosek. Halaber, EAJk jakinarazi duenez, Senatuan ere galdetuko diote Grande-Marlaskari Espejoren kasuaren inguruan, hurrengo astearteko (hilak 18) kontrol saioan. Zehazki, Almudena Otaola senatariak egingo dizkio galderak ministroari.
Zabalzaren kasua
1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten guardia zibilek Zabalza Altzan –orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen, Donostiako Tranbia Konpainiako autobus gidaria baitzen–, ETAko kidea zelakoan. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, torturatuta. Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuen Zabalza biktima gisa.
Público hedabideak Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitaratu zituen 2021ean. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.