Brakaman, edo "marikoien musika" 1970eko hamarkadan
1970eko hamarkadaren hasieran, leherketa kultural bat bizi izan zuen Donostiak. Ez dok amairu eta Mikel Laboaren alboan, baziren bestelakoak ere. Tartean, ahanzturan erori den Brakaman talde mitikoa.
Genealogiak egitea ez da erraza, askotan erori gaitezkeelako post hoc gisa ezagutzen den falazian; denbora kateak kausa eta efektu katea eragiten duela uste izatea, alegia. Musikan, adibidez, talde bat bestea baino lehenago egon izanak, ez du esan nahi, talde hori bestearen aitzindaria denik. Agian elkar ezagutzen zuten, baina agian ez. Donostian rock musikarekin horrelako zerbait gertatzen dela dirudi: inork oroitzen al du Espainiako Estatuan sona hartu zuen Brakaman talde donostiarra?
Rocka ez; glam rocka egiten zuten Brakaman taldekoek, 1970eko hamarkadaren hasieran, David Bowie, Iggy Pop eta Lou Reeden gisako artisten ildoari jarraituz. Oraindik frankismoaren ondarretan egon arren, Europan eta AEBetan zeuden mugimenduekin garaikide izan zen talde bakarrenetakoa izan zela aldarrikatzen dute askok. Lehenengoa behintzat, bai.
Belodromoan kontzertua
Rory Gallagher musikari irlandarrak kontzertu gogoangarria egin zuen 1974ko maiatzaren 26an, belodromoan —Youtuben bada, kalitate eskas samarrean, kontzertu horren grabaketa bat—. Bada, hor igo ziren oholtzara Brakaman donostiarrak, eta hor hasi zen haien legenda.
Frontman-a zuten harribitxia: Borja Zulueta (Donostia, 1951-2018) —Ivan Zulueta zinemagile ezagunaren anaia—. Gainontzeko taldekideak: Jorge Anza (pianoa eta teklatuak), Carlos Subijana (baxua), Jesus Maria Inurrieta (bateria) eta gerora oso ezagun egin zen Jaime Martinez Stinus gitarran.
Lehen grabaketak
Gallagherrekin batera aritu eta gutxira, bere lehen singlea argitaratu zuten, Sad Witch/Things (Columbia, 1974). Gutxi saldu zen arren, irratiko esatariek gustu handiz hartu zuten, eta, horri esker, pantaila txikira jauzi egitea lortu zuten, Mundo Joven eta Jose Maria Iñigoren Estudio Abierto saioetan agertuz. Era berean, European Pop Jury irrati lehiaketan parte hartu zuten, eta Espainiako bi taldeen artean hautatu zituzten.
Solitude /Look Out (Columbia, 1974) bigarren singlearen aurkezpenerako, Brakamanekoak arriskatu, eta Viktoria Eugenia antzokia lortu zuten. Inoiz ikusi gabekoa, kronikek diotenez: “Argi kanoi birakariak, arropa probokatzailedun neska-mutilak, argi eta soinu efektuak, musikari makillatuak eta glam estiloko soinekoak”. Aho bete hortz geratu ziren bertaratutakoak, egun ikusteko zaila zena, pentsatzeko ere ezinezkoa zelako garai hartan.
Ikuskizun probokatzaile eta abangoardista zen Brakamanena, oraindik ere ikusleen buruetan sartzen ez zena. Jaime Stinusek lehen pertsonan azaldu zuen egoera Los Hijos del Rock (Salvador Dominguez, 2004) liburuan: “Brakamanen egiten genuen rocka glamaren barruan zegoen, eta hori 1970eko hamarkadaren erdialdeko Espainian erabateko erokeria zen, ia inork ez baitzuen ulertzen, eta askoz gutxiagori gustatzen zitzaiela zirudien. Zuzenean gure kantak Lou Reed eta David Bowieren bertsioekin konbinatzen genituen eta jendeak marikoien musika zela esaten zuen”.
‘Brakaman’ LP-a
1975ean taldean hainbat aldaketa izan ziren: Juanma Estala eta Fernando Etxeberria sartu ziren baxuan eta baterian, eta Anzak taldea utzi zuen. Laukote moduan, handik eta hemendik ibili ziren orduan.
1976ko udan arrakasta bikaina lortu zuten Leongo Jaialdian Triana, Asfalto, Iceberg, Atila, Granada eta Pau Riba taldeekin txandakatuz, eta, handik gutxira, RCArekin fitxatu zuten, eta gaztelaniaz abestutako euren lehen LPa grabatu zuten. Brakaman (RCA, 1977) taldearen ibilbidearen gailurra izan zen, xehetasun handiko disko bat, garaian Europan egiten ziren bestelako glam rock taldeen mailan.
1977ko abuztuan, Mont de Marsanen (Frantzia) Punk Concert izeneko udako makrojaialdia ospatu zen, nazioarteko punk mugimenduaren mugarrietako bat. Bertan, Doctor Feelgood, The Clash, Lou Reed, The Jam, Eddie & The Hot Rods, Police eta The Troggs aritu ziren, eta, Donostiatik, Brakaman.
Gauzak ederki zihoazela zirudien arren, 1977 amaieran, ulertzeko zaila zen erabakian, Brakaman desegin zuten taldekideek. Nekatuta zeuden “ulertezintasun horma bat buruz behera apurtzen saiatzeaz”, eta uste zuten beren musika proposamenetan urrutixeago joan nahi bazuten, Donostia utzi eta Madrilera joan beharko luketela, eta ez zeuden prest. RCArekin zuten kontratua bertan behera utzi —lehen Columbiarekin egin zuten bezala—, eta bakoitzak bere aldetik jarraitu zuen.
Jaime Stinus izan zen ibilbide oparoena egin zuena, Javier Gurrutxagarekin batera Orquesta Mondragon osatuz eta, geroago, ekoizle gisa ibilbide oparoa eginez —Radio Futura, Gabinete Caligari eta hainbat artista handiekin aritu da—. Borja Zuluetak Negativo izeneko punk taldea sortu zuen eta Juanma Estalak, Asco izeneko hard rock taldea. Negativok ez zuen diskorik grabatu, baina 2021ean euren maketak editatu zituzten, biniloan.
Dirudienez, gazte hauek aurreratuegiak izan ziren garairako. 1970eko Donostia hartan glam rockak eta punkak ez zuten, ez, jarraitzaile askorik. Edonola ere, bidearen urratzaileak izan ziren, eta Donosti Sound izango zenaren abiapuntua idatzi zuten. Genealogiak egitea ez da erraza, baina beti komeni da hasieran nor egon den gogora ekartzea. Bidea etengabe hasten delako.