Donostiako EAJk 200 boluntario inguru erabiliko ditu hauteskunde kanpainan
Eneko Goia egungo alkateak eta EAJren udal hauteskundeetarako alkategaiak bilera eta ekitaldi bat egin zuen asteburuan Altzan.
Jeltzaleen hauteskunde kanpainan 200 boluntario inguruk parte hartuko dutela jakinarazi zuen Goiak. Hain zuzen ere, boluntario horiek Donostiako auzo eta kaleetan ibiliko dira donostiarrei etorkizuneko zein martxan dauden proiektuei buruzko informazioa emateko. “Kalez kale, auzoz auzo, Donostiak aurrera egiten jarraitzeko ditugun proposamen eta proiektuen berri emateko”, adierazi zuen alkategaiak.
Altzan hurrengo asteetan jarraituko dituzten lan ildoen plangintza egin zuten. “Hiriko kale guztiak zeharkatuko ditugu hiritarrekin egoteko, legealdi osoan ekimen ezberdinen bitartez egin dugun bezala. Helburua da, hiritarrei azaltzea prest ditugun ekimen guztiak Donostia bizitzeko, bizikidetzarako, lan egiteko eta disfrutatzeko Europako hiri onena bilakatzeko”, azaldu zuen Goiak.
Zapatilak eta kamiseta txuri-urdinak
Hauteskunde kanpainako boluntarioek zapatila bat marraztuta duten kamiseta txuri-urdinak jantziko dituzte hurrengo asteetan egingo diren ekitaldietan eta jardueretan. Goiak azaldu zuen kamisetak Donostia “biziaren, osasuntsuaren eta parte hartzailearen ikur” direla, “geldi egon eta atzera begira nahiago duten sedentarismoa proposatzen dutenei aurre egiteko”.
Horrekin batera, alkategai jeltzaleak ondorengoa gaineratu zuen: “Korrika egitera edo ibiltzera joateko janzten dugun zapatila bat da, hain zuzen ere, hiriko kale eta pasealekuetan erritmo onean kilometroak egiteko erabiltzen ditugun horietakoak. Aurrera egiten duen hirian zehar ibiltzen den zapatila, aurrerapausoak ematen dituena, eta erritmo zein konpainia onean gainera”.
Hauteskunde kanpainan “bidelagun” izatera gonbidatu zien donostiar guztiei: “Guztion artean donostiarrak izateaz harro gauden pertsonaz osatutako olatua egin nahi dugu, hain zuzen ere, hiriari modu positiboan ekarpenak egin nahi dizkion olatua, Altzan hasi, eta gainerako auzo guztietara, Ekialdetik Mendebaldera, hedatuko dena. Eta olatu horretara batu nahi ditugu hiria hazten jarraitzeko eta erreferente izateko gogoa duten donostiar guztiak”.
‘Donostia On’ zerrenda
Alkatearen eta lan talde osoaren artean Spotify plataforman Donostia On musika zerrenda osatu dute. Bertan estilo ezberdinetako abestiak sartu dituztela jakinarazi zuen Goiak. Besteak beste, ondorengo musikariak daude: Rigoberta Bandini, Delaporte, Toots & The Maytals, The Doors eta Afrika Bibang, besteak beste. “Askotariko taldea gara, musika mota ezberdinak entzuten dituen taldea, eta horiek guztiak batu nahi ditugu pauso sendoekin eta irmoekin aurrera jarraitzeko. Hiriaren alde gauza bereziak egin nahi dituzten pertsona arruntak gara. Eta elkarrekin egin nahi ditugu; izan ere, donostiarrok indarrak batzen ditugunean gauza handiak egiten ditugu”, esan zuen alkategai jeltzaleak.