Donostiako etxebizitzaren aldeko itun handi bat proposatu du Victor Lasak
Akordioa hiru zutabetan oinarrituko litzatekeela adierazi du ezkerreko koalizioaren alkategai donostiarrak.
Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU, Equo Berdeak eta Alianza Verde ezkerreko koalizioak bihar aurkeztuko du Donostiako udal hauteskundeetarako zerrenda. Era berean, orduan argituko dute izen bateratua –Elkarrekin Donostia koalizioaren ordezkoa izango da–. Gaur, berriz, Victor Lasa alkategaiak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko proposamenen berri eman du Bulebarreko kioskoan. Ahal Dugu Euskadiko koordinatzaile nagusi eta Unidas Podemoseko diputatu Pilar Garridok ere parte hartu du.
Udal talde guztiei eskaini die etxebizitzaren aldeko itun handi bat sinatzea, etxebizitzaren lege berria aplikatzeko konpromisoa har dadin. Itun handi hori hiru zutabetan oinarrituko litzatekeela adierazi du Lasak: “Tentsiopean dagoen eremu oro deklaratzea alokairuaren prezioa arautzeko, hurrengo legegintzaldian Babes Ofizialeko Etxebizitzen %9 lortzea, Europar Batasuneko batez bestekora hurbiltzeko, eta Babes Ofizialeko Etxebizitzak alokairura bideratzea, erosketara bideratu beharrean”.
Bulebarreko kioskoa apropos aukeratu du koalizioak, “etxebizitza eskubidearen aldeko elkarteen eta kolektiboen borrokaren sinboloa” delako, eta han hainbat ekitaldi egin dituzte “hirian etxegabetzeak geldi daitezela eskatzeko”. Lasak azaldu duenez, hiriko etxebizitzaren arazoa konpontzeko beharrezkoa da Etxebizitzaren Estatuko Legea bere osotasunean aplikatzeko konpromisoa hartzea; “bere ahalmen osoarekin, ematen dituen tresna guztiak erabiliz”.
Alderdi guztiei luzatu die proposamena alkategaiak. Marisol Garmendia PSE-EEren hautagaiari, berriz, ondorengo eskaera luzatu dio: “Donostian Estatuko Etxebizitza Legearen aplikazioari buruzko iritzia eman dezala, guk gaur egun egiten ari garen moduan. Herritarrek eskertuko lukete”.