400 musikarik Mahlerren 8. sinfonia interpretatuko dute Kursaalen
Hainbat orkestra eta abesbatza izango dira auditorioko agertokian. Abuztuaren 3tik irailaren 1era izango da 84. Musika Hamabostaldia; sarreren salmenta orokorra ekainaren 8an hasiko da.
Musika Hamabostaldiak aurtengo egitarauak ekarriko dituen emanaldi batzuk aurreratu ditu gaur. Abuztuaren 18an, Kursaal Auditorioan, emanaldi sinfoniko-koral handi bat izango dela iragarri dute. Euskadiko Orkestrak, Nafarroako Sinfonikoak, Donostiako Orfeoiak, Iruñeko Orfeoiak, Easo Abesbatzak eta “ospedun bakarlari talde batek” interpretatuko dute Mahlerren 8. sinfonia. Guztira 400 bat pertsona izango dira agertokian.
Jaialdiak berezko ekoizpen bat aurkeztuko du abuztuaren 24an: Stravinskyren Oedipus Rex oratorio erdi eszenaratuaren bertsio berri bat, Per Poc txotxongilo konpainiak zuzendua eta sortua, eta Irene Jacob aktore frantsesa narraitzaile dela.
Aurten dantza Kursaal Auditoriora itzuliko da, Angelin Preljocajek sinatutako Beltxargen aintzira lanaren bertsio abangoardista batekin, abuztuaren 7an. Prinyzesa-beltxargaren mitoaren ikusoegi pertsonalena eskainiko du.

