Donostiako turismoa "gobernatzeko" neurriak aurkeztu ditu Juan Karlos Izagirrek
EH Bilduren alkategaiak alojamendu turistikoei moratoria handiagoa aplikatzea proposatu du, besteak beste.

Juan Karlos Izagirre EH Bilduren alkategaiak agerraldia egin du kaian, Markel Ormazabal hautagai eta zinegotziarekin batera. Turismoa “gobernatzeko” prest daudela adierazi dute. “Ekuazioa sinplea da: bisitariei esperientziarik onena eskaintzen dien hiria herritarrak hobekien zaintzen dituen hiria da”, esan du Izagirrek.
Turismoa motor ekonomiko garrantzitsua dela nabarmendu du alkategaiak, eta desberdintasunak murrizteko tresna izan behar duela: “Hiriko BPGren %14 suposatzen du eta 15.000 lanpostu daude horri lotuta. Hortik abiatuta, gizarte kohesionatu eta inklusiboa sustatu behar du. Batez ere, potentzial handia duelako, ereduak ezin dio bizkarra eman herritarren ongizateari. Hori gertatzen ari da eta ondorioak egiaztatzen ari gara”.
Oreka bat lortzea posible dela dio EH Bilduk, baina horretarako eredua eta helburuak aldatu behar direla esan du Izagirrek. “Gehiago ez da hobea. Donostiarrak zaintzen dituen eta bisitariak zaintzen dituen eredu batez ari gara. Turistek esperientziaz gozatzea eta pozik itzultzea nahi dugu. Piezak osagarriak dira. Turismo eredu jasangarri, arduratsu eta atsegin bat behar dugu”, nabarmendu du.
2023-2027 Turismo Gida planean bildutako datuak izan ditu hizpide, “oso kezkagarriak” direlako: “%67k uste du bisitari kopuruari dagokionez goia jo dugula eta %52k bere aisialdi eremuak lekualdatu behar izan duela adierazten du. Gehienek onartzen dute dagoeneko ez direla Parte Zaharra bezalako eremu saturatuetara hurbiltzen. Sektorea bera kezkatzen duten datuak dira”.
Datorren legegintzaldiari begira, eta egoera aldatzeko EH Bilduk proposamen zehatzak dituela esan du Izagirrek: “Abiapuntua donostiarrak izango dira. Martxan jartzen den edozein politika, neurri edo ekimen ez da herritarren bizkarrera egingo. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu donostiarrei protagonismoa itzultzeko eta dagoeneko saturatuta dauden auzoekin zorra kitatzeko. Paradoxikoki, presio turistiko handiena duten zonek gabezia nabarmenak dituzte ekipamendu eta zerbitzuetan, hala nola Gros edo Parte Zaharra”.
Neurri zehatzei dagokienez, hainbat aipatu ditu alkategaiak. “Turismo jasangarria lortzeko, alojamendu turistikoei moratoria handiagoa aplikatu behar da, auzo gehiagotara zabalduz. Eta ondoren zer? Parte Zaharretik haratago, eremu saturatuak hiriko beste leku batzuetara zabaldu behar dira, hala nola Gros, Erdialdea, Antigua eta Egia, eta behar diren ordenantzak eguneratu”, azaldu du Izagirrek. Alde horretatik, EH Bilduren apustua da etxebizitza turistikoak lehen solairuko araua berreskuratzearen alde egitea, eta konpromisoa hartu dute saturazio bertikalaz gain –eraikin bakoitzeko pisu turistiko kopuruen muga–, saturazio horizontala ere ezartzeko, etxe batetik besterako gutxieneko distantzia ezarriz, adibidez, kale zehatz batean.
Horrez gain, hirian bisitarien talde antolatuak arautu behar direla uste du Izagirrek: “Beste hiri batzuetan egin den moduan, talde bakoitzeko pertsona muga bat, ordutegi batzuk eta gida turistikoek beren lana ondo egin dezaten jarraibide batzuk ezarri behar dira”.