"Gauzak nahi bezala atera dira, baina lan eginda eta ahaleginduta"
Alvaro Romero snowboarder donostiarrak Munduko Kopan zilar bat eta gazte mailako Munduko Txapelketan urre bat eskuratu ditu.
Alvaro Romero Suitzako probako podiumean. (Argazkia: BAT Basque Team) Denboraldia gaixo hasi bazuen ere, pixkanaka erritmoa hartzea lortu zuen Alvaro Romero snowboarder donostiarrak. BAT Basque Teameko kirolariak hamahirugarren postuan bukatu zuen Georgiako Munduko Txapelketan. Aldiz, Veysonnazko (Suitza) Munduko Kopan zilarra eta Passo San Pellegrinon (Italia) jokatutako gazte mailako Munduko Txapelketan urrezko domina lortu zituen.
BAT Basque Teamek haren hitzak jaso ditu: “Hasiera gogor samarra izan zen, gauzak ez zitzaizkidan ondo ateratzen, lasterketak ez zitzaizkidan ondo ateratzen eta nahiko gogaituta edo gaixorik nengoen maiz, baina denboraldiaren amaierak axola du. Georgiatik oso eroso egon naiz, snowboard hobearekin. Helburu argiak nituen, horietako bat junior mailako Munduko Txapelketa eta lortu dut. Gainera, Veysonnazen, Munduko Kopan, bigarren postu hori egitetik nentorren, amestutako zerbait zen, oraindik hain azkar espero ez nuena, eta San Pellegrinora urrearen bila joateko asko motibatu ninduen”.
Gazte mailako Munduko Txapelketan lehen postuan bukatu zituen kanporaketa guztiak. Noski, baita finala ere. “Aurreko egunetik entrenamenduetan txanda guztiak irabazi nituen. Zirkuituaren erdialdean eta behean azkarrena nintzen zalantzarik gabe, eta banekien lehen zatia pixka bat trabatzen bazitzaidan ere, amaiera hori hor izan nezakeela. Finala izan zen gehien zaildu zena, laugarren izan bainintzen zirkuituaren ia amaierara arte, baina gero ondo borrokatu ahal izan nuen eta lehenengo amaitu nuen”, azaldu du Romerok.
Egibar eredu
Donostiako bi snowboarder ari dira maila gorenean. Romero baino ezagunagoa da Lucas Egibar, eta gaztearentzat ereduetako bat da. “Lucas erreferentea da, noski. Hiri berekoak gara, gure hastapenak nahiko antzekoak dira, Lucas Munduko txapelduna da, diploma olinpikoak ditu… asko geratzen da horra iristeko, baina egin ahal izatea espero dut”, dio Romerok.
2020an Romerok brontzea lortu zuen Lausanan jokatutako Gazteen Jokoetan. Beijing 2022ra ezin izan zen joan, baina hurrengo hitzordurako, Milan-Cortina d ‘Ampezzo 2026, prest egongo dela uste du, parte hartzeaz gain, lehiatzeko eta emaitza garrantzitsu bat lortzeko.

