Liburuen azoka bihurtuko da Gipuzkoa plaza igandean
Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, literaturarekin lotutako hainbat jarduera egingo dituzte. Eider Rodriguez eta Javier Klaver idazleak eta Nerea Ibarzabal eta Oihana Arana bertsolariak izango dira, besteak beste.
Gipuzkoa Plazan ez da azokarik izango, osasun egoeragatik. (Argazkia: Beñat Parra) Goizeko bederatziak eta laurdenetan irekiko dituzte azokako hamabi postuak, eta arratsaldeko zortziak arte, irakurzaleek %10eko deskontuarekin erosi ahal izango dituzte liburuak. Azokatik pasatzen direnentzat orri-markatzaileak izango dira eskuragarri. Aurten Sandra Garayoa ilustratzaileak egin du diseinua.
Donostia Kulturak eta Liburu denden elkarteak antolatu dute Liburuaren Nazioarteko Eguna elkarlanean. Idazle gonbidatua Eider Rodriguez idazlea izango da, eta Eraikuntzarako materiala liburua izango du hizpide 12:00etan. Idazten hasi diren idazleek ere izango dute tokia azokan: Javier Klaverrek Balada triste de Amara Park aurkeztuko du 13:00etan.
Azokaz harago ere literaturan murgiltzeko aukera izango da. Goizeko hamar eta erdietan abiatuko da Donostia, cafeterías y tabernas: un viaje literario en el tiempo ibilaldi literarioa. Bertan parte hartzeko eskaera egin behar da alderdiederliburutegia@donostia.eus posta elektronikora idatziz. Amaia García eta Slawka Grabowskak liburuetan agertzen diren edo idazleak maiz joan izan diren hiriko kafe eta tabernetatik egingo dute ibilaldia. Dramatizazioa Maria Alonso del Valena izango da.
Arratsaldean, 16:30ean, Katherine Mansfield idazlea eta Lorategiko festa (The garden party) liburua gogoratuko du Euskal Itzultzaileek Elkarteak. Egilearen heriotzaren mendeurrenaren harira antolatu dute ekitaldia. Bere liburua euskarara ekarri du Anton Garikanok, eta bera bertan izango da.
Egitaraua bukatu baino lehen, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Aranak bertso saio literarioa egingo dute. Amaia Agirre ariko da gai jartzaile moduan.


