Espejo saritu izana babestu du Grande-Marlaskak
Fernando Grande-Marlaska, asteartean, Senatuan. (Argazkia: EFE) EAJk eta Geroa Baik Arturo Espejo guardia zibilaren kasua Espainiako Senatuko kontrol saiora eraman zuten asteartean, eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernu Barne ministroari aurpegiratu zioten “torturatzaile bat saritu” izana. Hain zuzen ere, Guardia Zibilaren teniente jeneral eta Sostengu Agintaritzako buru izendatu dute berriki Espejo, Mikel Zabalzaren kasuarekin lotuta badago ere. Mikel Zabalza Gogoan plataformak gogorarazi duenez, berak zuzendu baitzituen Zabalzaren atxiloketa eta galdeketa saioak, eta Madrilgo hedabideek argitaratu zuten informazioaren arabera, Espejok berak antolatu zuen Altzan bizi zen gazte orbaizetarraren gorpua Bidasoara botatzeko operazioa, Intxaurrondoko kuartelean hil arte torturatu ostean. Guardia zibilak kasuaren harira deklaratu behar izan zuen Donostian bere garaian, akusatu gisa, baina auzia 1988an artxibatu zuten.
EAJko Almudena Otaolari eta Geroa Baiko Koldo Martinezi erantzunez, ordea, Barne Ministerioaren jarrera babestu zuen Grande-Marlaskak, argudiatuz Espejo ez dutela inoiz inputatu Zabalzaren heriotzagatik. Halaber, Otaolari eta Martinezi aurpegiratu zien “baieztatu gabeko” gertaerak leporatu dizkiotela Espejori: “Esan zein ebazpen zehatzetan egon zen edo dagoen inputatuta formalki Espejo jauna”. Era berean, defendatu zuen gerra zikina egin zutenen aurka egin izan duela Espainiako zuzenbide estatuak, hainbat goi kargudunek kartzela zigorrak jaso izan dituztela gogoraraziz. Ordea, horietako gehienek oso denbora gutxi pasatu dute espetxean, eta horri buruzko aipamenik ez zuen egin ministroak.
Senatari jeltzaleak, aldiz, Zabalzaren familia berriz “biktimizatzea” leporatu zion Grande-Marlaskari: “Iraina da, Espainia demokratikoaren historiako gertakari beltz hura gertatu zenetik ia 38 urte igaro direnean”. Horrez gain, kasuaren inguruko dokumentuak desklasifikatzeko eskatu dio ministroari. Ildo beretik jo zuen Martinezek, eta galdetu zuen PSOEk “zorrik” duen Espejorekin: “Agian beldur zarete testifikatu ote dezakeen Felipez Gonzalezen gobernuko PSOEko kargudunak beharrezko lankide izan zirela duela 38 urte egindako krimen bat estaltzeko?”.
Lourdes Zabalzak erantzun dio Grande-Marlaskari
Barne ministroak esandakoei erantzun die Mikel Zabalzaren arreba Lourdesek, Radio Euskadiko Boulevard saioan egin dioten elkarrizketan: “Betiko kontua da. Auzia zabalik zegoenean, bertsio ofiziala zalantzan jartzen zuten epaileak alboratu egiten zituzten. Horrela ezinezkoa da”. Horrez gain, zera gaineratu du: “Ikertzen ez bada, ezinezkoa da ebazpen judizial bat izatea eta, beraz, norbait inputatzea”.
Bestalde, Radio Euskadin bertan hitz egin du Eneko Anduezak PSE-EEko idazkari nagusiak ere, eta azaldu du “lotsatuta eta suminduta” dagoela Espejoren izendapenagatik. Gehitu du egunen batean aurrez aurre esan nahiko liokeela hori Zabalzaren familiari, eta Grande-Marlaskari ere esango diola, aukera duenean. Lourdes Zabalzak eskertu egin ditu Anduezaren hitzak: “Uste dut zintzoak direla, baina Madrilek agintzen du. Denborak esango du. Dena den, lasaitzen gaitu PSOE barruan baten bat gure alde egoteak”.
Zabalzaren kasua
1985eko azaroaren 26ko goizaldean atxilotu zuten guardia zibilek Zabalza Altzan –orbaizetarra zen, baina Altzan bizi zen, Donostiako Tranbia Konpainiako autobus gidaria baitzen–, ETAko kidea zelakoan. Ion Arretxe idazlea, Idoia Aierbe (Zabalzaren bikotekidea), Manuel Bizkai (Zabalzaren lehengusua) eta Patxi eta Aitor (Zabalzaren anaiak) atzeman zituzten operazio berean. Zabalza Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten, eta handik hogei bat egunera hilik agertu zen Bidasoa ibaian, Endarlatsa (Nafarroa) inguruan, torturatuta. Eusko Jaurlaritzak iaz onartu zuen Zabalza biktima gisa.
Mikel Zabalza (1952-1985) Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelean jasandako torturen ondorioz hil zela agerian uzten duten grabazioak argitara atera ziren 2021ean. Zabalza atxilotu zutenean CESID-eko (Centro Superior de Informacion de la Defensa) koronela zen Luis Alberto Peroteren eta Galindoren aginduetara zegoen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat da grabazioa, eta Zabalza Intxaurrondon hil zela adierazten dute: “Esku artetik joan zaie, galdeketan gelditu zaie”, dio Gomez Nietok.

