Musika elektronikoz beteko du Donostia abuztuan Dantz Festival jaialdiak
Dantz kultur marka eta proiektu laborategiak musika elektroniko eta garaikidearen nazioarteko jaialdiaren zazpigarren edizioa iragarri du. Dantz Festival jaialdia Donostian izango da, abuztuaren 24tik 26ra.
Aurten ere nazioarteko eta tokiko artistek hartuko dute parte: Jeff Mills, DJ Python, Interstellar Funk, John Talabot, A4, Rene Wise, Dr Rubinstein eta beste hainbat izango dira jaialdian. Emanaldiak Donostiako hainbat tokitan antolatu dituzte, hala nola, Miramongo Anfiteatroan, Tabakaleran eta Kutxa Kultur Klubean. Horrez gain, jaialdiak gauetan Illunben jarraituko du.
Gainera, aurtengo berritasun gisa, antolatzaileek deskontuak eskainiko dituzte Alsa autobusetan, baita jaialdiaz gozatzeko Donostian ostatu hartzen dutenentzat. Era berean, jaialdiko gune desberdinetara joateko autobusak ere egongo dira.
Programazioa
Jaialdiaren lehen egunean, abuztuaren 24an, Kutxa Kultur Klubak (Tabakalera) Thing performancea hartuko du 21:00etatik 00:00etara. Artista eta produktore batzuen zuzeneko emanaldia da, aldi berean inprobisatzen duten bitartean. “Zuzeneko formatu berritzaile bat eskaintzen du, aitzindaria da estatu eta Europa mailan. Publikoari zuzeneko musika elektronikoaz gozatzeko aukera ematen dio, eta orain arte jaialdi eta klubetan ikusi denaren aldean guztiz bestelakoa da”, azaldu dure antolatzaileek. Artista horiek zuzenean inprobisatuko dute halako Jam Session elektroniko bat sortuz. Thingen protagonista izango diren artistak Error Etica, Pina, Another Machines, Izar5 eta Vema Diodes dira.
Abuztuaren 25an, ostirala, arratsaldez, Tabakalera kanpoko Andre Zigarrogileak Plazan, lau artista arituko dira 17:00etatik aurrera: Sally Rous, Zuri, Ines eta Yngryd. DJ horiek erritmoa jarriko dute arratsalde osoan zehar, 21:00ak arte. Ondoren, Dantz Festival jaialdia Illunbera lekualdatuko da, eta bertan, 22:30etatik aurrera, Bihotza, Bassywax, Lena Willikens, DVS1 eta BLAWAN taldeek euren saioak erakutsiko dituzte.
Abuztuaren 26an, larunbata, Miramongo Anfiteatroan Ope Loeb, Baiuca, DJ Python, Interstellar Funk eta John Talabot DJak arituko dira 17:00etatik 00:00etara. A4, Rene Wise, Dr Rubinstein eta Jeff Mills-ekin jarraituko du programazioak Illunben, 00:30etatik aurrera.

