San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektua "ilegala" dela diote
Auzitara jotzeko arrazoiak azaldu dituzte Dendartean eta BaGera merkatarien elkarteek, Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek eta Donostia Defendatuz koordinakundeak.
Donostiako Udal Gobernuak merkataritza zentro bat jarri nahi du Erdialdeko San Bartolome muinoan. Hain zuzen ere, San Bartolome Hirigintza Esparruko Plan Bereziaren barruan dago aipaturiko 8.000 metro koadro inguruko zentroa egiteko proiektua. Hasieratik kontra agertu dira auzotarrak eta merkatariak. Orain, beste pauso bat eman eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jotzea erabaki dute. Horren inguruko xehetasunak eman dituzte gaur eguerdian, ONCEk Erdialdean duen egoitzan emandako prentsaurrekoan.
Amador Biteri Dendartean merkatarien elkarteko presidenteak, Antxon Santamaria Erdian Bizi auzo elkarteko kideak, Harkaitz Aranburu Amara Bai auzo elkarteko presidenteak eta Guillermina Garcia-Vaquero merkatariak parte hartu dute agerraldian. Merkataritza zentroaren proiektua “ilegala” dela nabarmendu dute, eta auzitara jotzeko, duela hilabete batzuk Erdian Bizi auzo elkarteak aurreraturiko arrazoiak zerrendatu ditu Santamariak.
“Udalak ez du azterketarik egin merkataritza zentro honen beharra justifikatzeko. Lanak egiteko bi urteko epea ezarri dute, eta horrek afekzio handiak eragingo dizkie herritarrei; zarata eta kaleko zirkulazio arazoak nabarmen areagotuko dituzte. Bestalde, proiektuak muinoa desnaturalizatuko du, merkataritza gunearen mesedetan. Hegala hustuta ez da lurrik egongo zuhaitzak landatzeko”, azaldu du Santamariak.
Biteri oso kritiko azaldu da udal gobernuaren jokabidearekin: “Merkataritza zentro hau ez du inork nahi, baina udalak aurrera eraman nahi du. Hirigintza Saila multinazionalei begira jarri da, eta merkataritza txikiaren kontra. Garbera handitu ostean, San Bartolomekoa egin nahi dute, eta Belartza Goikoa eremuan ere logistika zentro bat jarri nahi dute. Horrela, merkataritza txikia are gehiago kaltetuko dute. Egia esan, udala eta Gipuzkoako Aldundia multinazionalei erraztasunak ematen ari dira”.
Helegiteari dagokionez, Biterik aurreratu du proiektua gelditzeko itxaropena dutela. “Udalak arau propioak saltatu ditu. Plan Orokorrak ez du baimentzen 8.000 metro koadroko merkataritza zentro bat. Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia (EHOBPB) ere ez du errespetatzen. Gainera, eta dituzte derrigorrezkoak diren espedienteak egin. Adibidez, mugikortasun txostena. Legez kanpokoa dela iruditzen zaigu, eta horregatik erabaki dugu auzitara jotzea”, azaldu du Biterik. EAEko Justizia Auzitegi Nagusian merkataritza proiektuaren kontrako errekurtsoa aurkeztu ondoren, udalak espediente guztiak aurkeztu beharko ditu hogei eguneko epean. Helegitearen prozesua, berriz, urtebete inguru luzatu daitekeela esan du Dendartean elkarteko presidenteak.
Merkatariak eta auzokideak
Eneko Goia alkateak helegiteari buruz egindako balorazioaren inguruan ere aritu dira. Guillermina Garcia-Vaquero merkatariak “harriduraz” hartu dituela aitortu du: “Hegalean zerbait egin behar dela dio, eta ulertzen duela irtenbidea batzuen gustukoa ez izatea. Alkate batek horrelako balorazio bat egitea harrigarri samarra da”. Garcia-Vaquerok bi establezimendu dituela esan du; bata Parte Zaharrean eta bestea Amara Berriko Arcco merkataritza gunean. Batez ere, Arccok izan duen “porrotaren ondoren”, nabarmendu du ez duela ulertzen San Bartolomen merkataritza zentro bat jartzeko asmoa: “Eason Eroski bat dugu, San Martin merkataritza zentroa ere hor dago. Auzoak ez du gehiago behar. Merkataritza txikia itotzen ari dira, eta eskaintza nahikoa badago”.
Amara Bai auzo elkarteko Harkaitz Aranburuk gogorarazi du San Bartolomeko proiektuarekin 40 urte baino gehiago daramatela auzokideek. “Orduan, auzoa bahitu zigutela esan genuen, eta denboraren ikusi da nola desitxuratu duten dena. Orain dena porlana da”, esan du Aranburuk. Auzotar askok Amara eta San Bartolome utzi behar izan zutela gaineratu du, “Morlansera bizitzera joateko”. Aranbururen arabera, auzokideek San Bartolome eta bere ingurua ez zuten horrela geratzea aurreikusten. “Merkataritza zentroaren proiektua beste gabezia bat da auzoarentzat. Ea nola konpontzen dugun basakeria hau”, salatu du auzo elkarteko kideak.