Elkarrekin Podemosek erreferendum herritar bat abiatu du bi proiekturi buruzko iritziak jasotzeko
San Bartolomeko merkataritza zentroa eta Basque Culinary Centerren Groseko bigarren egoitza dira hautaturiko hirigintza egitasmoak.
Victor Lasa Elkarrekin Podemosen alkategaiak eta Arantza Gonzalez Ezker Anitza-IUko hautagaiak Herritarren Erreferenduma egitasmoa aurkeztu dute gaur goizean, Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean. “Herritarrei bizkarra emanez proiektatu diren bi proiekturi buruzko donostiarren iritzia” jasotzea dute helburu. Bi proiektu horiek dira Erdialdeko San Bartolome muinoko merkataritza zentroa eta Groseko Basque Culinary Centerren bigarren egoitza.
Proiektu horiei buruzko aldeko edo kontrako botoa ematea proposatu diete herritarrei. Horretarako, hirian zehar bozketa mahaiak jarriko dituzte. “Gauzak modu jasangarri eta parte hartzailean egiteko aurkeztu dugu egitasmoa, hemendik aurrera Donostiako kulturan sartzea espero duguna. Inpaktu handiko makro proiektu guztiak erreferendumean onartu beharko lirateke, edo, gutxienez, herritarren parte hartze zuzenak lehentasuna izan beharko luke, bai proiektuaren sorkuntzan, bai diseinuan eta gauzatzean”, azaldu du Lasak.
Hiriko partaidetzari dagokionez, “garai zailak” izaten ari direla deitoratu du alkategaiak. San Bartolomeko proiektuari dagokionez, gaitzetsi du esanez plana ez dela jasangarria “multzo historiko arkitektoniko bat desagertzea dakarrelako berekin eta bere eragina kaltegarria izango delako hiriko erdigunean dagoen tokiko merkataritzarentzat”. Proiektuaren jasangarritasun faltaren beste arrazoi bat eman du: “Hiriaren mugikortasunean are presio handiagoa jartzen duelako, trafikoaren kopurua handitzeko gaitasunik ez duten eremuetan trafikoa areagotuko delako, eta auzotarrei behin ere kontsultatu gabe egin nahi dutelako”.
Arlo publikoak sektore pribatuari egiten dion “beste opari baten” aurrean gaudela salatu du Lasak: “Horrek garamatza gure buruari galdetzera, berriz ere, zein da proiektu horri lotutako onura publikoa? Herritarren bizkar egindako proiektua da. Hiriguneak 8.000 metro koadroko merkataritza gune bat behar duela esatea maniobra onartezina da”.
Lasak herritarrei galdetzeko beharra nabarmendu du, Kursaaleko proiektuarekin egin zen moduan “Izan ere, proiektu irabazleari buruzko bozketa bidez jaso zuen herritarren iritzia, eta, bestalde, Groseko Katalunia Plaza berria hasierako proiektua nabarmen aldatu zuen prozesu parte hartzaile baten emaitza izan zen”, gogorarazi du.