PSE-EEk Anoeta estadioa Realari saltzea proposatu du, eta diru horrekin inguruko kirol instalazioak berritzea
Era berean, Illunbe erabilera anitzeko pabiloi bihurtzeko balioko lukeela esan du PSE-EEko alkategaiak.
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeei begirako proposamenak egiten jarraitzen dute hautagaiek. PSE-EEko alkategai Marisol Garmendiak agerraldia egin du Anoeta estadioaren aurrean, Ane Oiarbide eta Iñaki Gabarain hautagaiekin batera. Hain zuzen ere, futbol zelaia Realari saltzea proposatu du, hiriak beharrezko baliabideak lortu ahal izateko Anoetako kirol instalazioak berritzeko.
Garmendiak nabarmendu duenez, “kirolerako operazio bikaina da”. “Batetik, hiriak aparteko baliabide ekonomikoak lortzen dit. Bestetik, Realak inbertsioak parekatzen ditu estadioaren jabetza osoa eskuratuz. Eta, azkenik, baliabide horiekin Anoetako kirol hiriaren instalazioek behar duten berrikuntza egin ahalko litzateke”.
Estadioaren erabilera ia osoa txuri-urdinekin lotuta dagoela esan du alkategai sozialistak, eta, ondorioz, horrek ez lukeela aldaketarik ekarriko instalazio horren erabileran. “Horren truke, hiriak baliabide ekonomiko oso beharrezkoak lor ditzake Anoeta kirol hiria berritzeko. Izan ere, hiri horrek esku hartze bat behar du, kasuren batean hamarkadak dituzten instalazioen narriadura eguneratzeko eta geldiarazteko”, azaldu du Garmendiak.
Illunbeko erabilera
Operazio honek Illunbe erabilera anitzeko pabiloi bihurtzea ahalbidetuko lukeela esan du alkategaiak: “Donostiak ezin du atzean geratu eta indarra galdu mailako kirol-lehiaketak hartzeko moduko ekipamendurik ez duelako, hala nola eskubaloiko Erreginaren Kopa edo musika kontzertu handiak. Ezin dugu onartu hiriak urte batzuk lehenago izan zuen erreferentzia hori galtzea, eta, beraz, Illunben erabilera anitzeko pabiloi bat izatea ezinbestekoa da Donostia azken urteotan baztertu dituen kirol eta kultur ekitaldi handien zirkuituan kokatzeko”.