"Arropak eta ileak bezala, bitxiek ere asko kontatzen dute zuri buruz"
Laia Varela bitxigileak (Ulia, 1987) bitxigintza eskola bat zabaldu du Egiako Ametzagaña kaleko 21. eraikinean. Eskola izateaz gain, bere bitxiak ere izango ditu salgai bertan, eta bezeroek ere produktu pertsonalizatuak egiteko eskatu ahal izango diote Varelari. "Trukerako" espazio hau ostiraletan eta larunbatetan egongo da zabalik, jendea "dibertitzera eta zerbait ikastera" joan dadin.
Bitxigilea zara, baina ez zara beti horretan aritu. Zazpi urtez irakasle lanetan ibili zinen.
Hori da. Nik lehenengo Irakaskuntza ikasi nuen, eta 21 urterekin irakaskuntzan hasi nintzen lanean. Horretan bost urte neramatzanean, erabaki nuen bitxigintzako erdi mailako gradu bat egitea, ez bainuen nire burua bizitza osoan lan bera egiten ikusten. Orduan, ordutegi murriztuan jarraitu nuen irakasle gisa, bitxigintzako erdi mailakoa egiten nuen bitartean. Hori bukatu nuenean, aldaketa egitea erabaki nuen, eta bitxigintza munduan murgiltzen hasi nintzen, zer gertatuko zen jakin gabe.
Irakaskuntzan atsedenaldi bat behar zenuelako erabaki zenuen bitxigintzan hastea?
Bai. Azken finean, irakasle izatea energia asko eskatzen duen lan bat da, eta 26 urterekin gauzak aldatzeko beharra sentitu nuen. Beraz, 27 urterekin, Parisera joan nintzen bizitzera eta bitxigintzako praktikak egitera.
Easo politeknikoan ikasi zenuen bitxigintzako erdi mailako gradua. Nola oroitzen duzu garai hori?
Oso polita eta oso intentsoa izan zen. 08:00etatik 14:30era eskolak izaten genituen astelehenik ostiralera, eta gero lanera joaten nintzen, Zarautzera, eskolak ematera. Ez nintzen gelditzen, baina, era berean, egun osoa igarotzen nuen jolasten. Tailerrean ezagutzen ez nituen gauza berriak ikasten nituen, sormena lantzen nuen eta oso dibertigarria zen.
2015ean joan zinen Parisera, eta bertan hasi zenuen zure ibilbidea bitxigile gisa. Nola hasi zinen?
Ba, nahigabe eta gehiegi pentsatu gabe. Nik irakaskuntza uzteko autonomoetan eman behar nuen alta, bestela zerrendetatik botako nindutelako. Hasiberria nintzenez, ez zen hain garestia autonomo izatea, deskontuak genituelako. Ni Parisen bizi nintzen, baina hemen ordaintzen nituen zergak. Parisen askoz ere aberatsagoa zen bitxigintza, artearen mundua eta modaren mundua, eta etengabe aritzen nintzen proiektuak egiten. Hainbat denda ezagutzen nituen, eta haietan nire produktuak saltzen hasi nintzen; baina benetan pentsatu gabe egiten joan nintzen zerbait izan zen. Horrela hasi nintzen pixkanaka bildumak egiten, eta toki desberdinetan saltzen.
Non egiten zenituen bilduma horiek?
Nire etxean. Praktikak egin nituen tokian piezak amaitzen uzten zidan nagusiak, nik soilik oinarrizko tresnak nituelako etxean. Hemezortzi metro koadro zituen etxeak, eta tailer gisa ere erabiltzen nuen. Espazio horretan, ezin nituen makina handiak eduki. Praktikak egin nituen tokiko emakumearekin oso harreman estua daukat, eta bere lokalera joaten nintzen piezak amaitzera.
Noiz itzuli zinen Donostiara?
Pandemia baino egun bat lehenago. Oporretan etorri nintzen etxera, bi asterako, eta ez nintzen itzuli Parisera. Azkenean, Parisen nire kontura egiten nuen lan, eta Parsons unibertsitateko bitxigintzako irakasle gisa ere aritu nintzen lanean. Pandemiarekin, eskolak online ematen bukatu nuen, baina erabaki nuen hara ez itzultzea eta Donostian geratzea. Iruditzen zitzaidan Paris oso hiri handia zela, eta dagoeneko ez nuela han bizi nahi. Bizi kalitatea ez da berdina, eta gutxiago autonomo batentzat. Ordurako kuota osoa ordaintzen nuen, etxe bat ordaindu behar nuen, eta Paris ez da merkea. Beraz, sei urteko ziklo hori ere ixtea erabaki nuen, eta hona itzultzea proiektu sendoago bat sortzeko.
Eta zein proiektu da hori?
Hona itzuli nintzenean, nik banekien irakaskuntza, nolabait, bitxigintzarekin uztartu nahi nuela. Ahaztua nuen zein neketsua zen irakasle izatea, eta berriro ere irakaskuntzarekiko maitasuna sortu zitzaidan. Beraz, ikastaro irekiak ematea erabaki nuen. Azken finean, iruditzen zaigu zeramika, josketa eta horrelakoak errazagoak direla bitxigintza baino, baina nik banekien jendeak bitxiak egiteko behar duen bakarra gidari bat eta tresnak eskura edukitzea dela; metalarekin lan egitea buztinarekin lan egitea bezalakoa delako, eta ez zailagoa. Pieza sinpleak behintzat, edozeinek egin ditzake bi gauza horiekin. Horrela, poliki-poliki hasi nintzen gertukoei eskolak ematen. Hasieran banaka hartzen nituen ikasleak, gero bigarren mahai bat erosi nuen, eta gero eta jende gehiagok etorri nahi zuenez, hirugarren mahai bat lortu nuen, eta orain lau ditut. Beraz, ideia da asko jota lau pertsonarekin lanean aritzea aldi berean, laguntza egokia emateko ikasle bakoitzari.
Erraza izan da zure bitxigintza eskola hau sortzeko prozesua?
Naturala izan da, eta nik uste dut naturala dena erraza izaten dela. Hemen asko nabaritzen da gustura datorren jendeak lagunei edo familiari kontatzen diola ikastaroan egindakoa, eta horrek jende gehiago animatzea eragiten du. Ahoz-ahoko komunikazio hori da niretzat garrantzitsuena, eta baita sare sozialak ere, azken finean, jendeak hor ikusten duelako zer egiten den ikastaroetan. Nik esan diezazuket etortzeko eta zure eraztuna egiteko, baina pentsatzen duzu ez zaizula gauza polit bat aterako. Baina sare sozialetan ikusten da zein den ikastaroetako emaitza, eta horrek ere jendea etortzera bultzatzen du.
Orain arte, Dabadaba ondoko lokal batean aritu zara ikastaroak ematen.
Hori da. Orain arte, ezkutuan egon naiz. Azkenean, nik beti ezkutuan egin dut lan, eta gero, azoketan edo salmenta puntuetan saldu egiten nuen nire produktua; baina ezkutuan gustura nengoen. Orain, egia esan, gogoa neukan pixka bat gehiago auzora ateratzeko. Auzo berean jarraitzen dut, Egian, baina ikusi nahi nuen bizilagunek ere nola erreakzionatzen duten horrelako txoko bat ikusita. Produktuak izango ditut salgai, baina ez da denda bat. Trukerako espazio bat da, eta eskola izateaz gain, nire lan pertsonala ere nolabait hemen islatuko da. Horrez gain, bitxi zaharren birziklapena egiten dut, eta agian inguruko bizilagunek badute zer galdatu eta zer berregin. Agian ez dute ikastaro bat egin nahi, baina bai nik zerbait egitea beraien lehengo bitxiekin. Orduan, iruditzen zitzaidan unea zela horri guztiari ikusgarritasuna emateko.
Nolakoak dira zure ikastaroak?
Hasieran, hastapeneko ikastaroak ematen ditut. Bi edo hiru ordukoak izaten dira, eta pieza sinpleak edo pixka bat konplikatuagoak egin ditzakete. Bestalde, bonuak ditut. Lau, hamar edo hogei ordukoak izan daitezke, eta bakoitzak nahi duen bezala erabil ditzake. Hau da, ez dago ordu guztiak egun berean erabili beharrik; bonuek ez dute iraungitze datarik. Nahi dituzun bonu guztiak eros ditzakezu, baina ez zaude astero etortzera behartuta. Eta bestalde, ezkontzako eraztunak egiteko ikastaroa ere badago, eta niretzat hori da politena. Azkenean, ezkontza bat antolatzeak lan handia eta estresa dakar berarekin, eta ikastaro hau oasi bat da estres horretan guztian, izan ere, bikotekidearekin oso momentu polita pasatzeko aukera ematen du.
Zer da bitxigintza zuretzako?
Ni beti ibili izan naiz artearen munduan, koadroz eta eskulturez inguratuta. Baina iruditzen zitzaidan hori guztia ezin duzula kalera atera. Beraz, niretzat, bitxigintza da norberaren izaera islatzeko beste modu bat; arropak eta ileak bezala, bitxiek ere asko kontatzen dute zuri buruz. Nire kasuan, gainera, nire sormenaren isla da. Ez da nik bitxi bat erosi eta jarri egiten dudala, nire izaera nolabait islatzen duelako; baizik eta nik egiten dut eta zerbaitetan inspiratuta dago. Niretzat beste lengoaia artistiko bat da bitxigintza.
Zein materialekin egiten duzu lan?
Normalean, zilarrarekin eta urrearekin egiten dut lan: urre zuria, horia eta arrosa. Kasu batzuetan, tailerretan adibidez, jendeak urre koloreko pieza bat egin nahi badu, normalean latoia erabiltzen dugu. Ez gara urrearekin hasten, eta latoiak urre kolorea duenez eta askoz ere merkeagoa denez, hori erabiltzen dugu. Gainera, ikasteko eta frogak egiteko metal hori erabiltzen dugu. Nik nire kolekziotan, adibidez, ez dut latoirik erabiltzen.
Nondik ekartzen duzu materiala?
Normalean Vigon (Galizia, Espainia) erosten dut. Guk kantitate handiak erosten ditugu, eta enpresa handietan erosi behar dugu. Baina urrea, esaterako, beste bitxigile bati erosten diot. Zilarra, ordea, Galizian erosten dut. Eta gero, birziklatu egiten dugu. Hau da, erabiltzen ez ditudan zati guztiak berriro galdatzen ditut, berregiteko. Orduan, ez dugu materiala etengabe erosten. Nire kasuan, urtean behin edo bitan erosten dut kantitate handi bat.
Zertan inspiratuta egiten dituzu zure bildumak?
Orain arte, arkitektura eta arte modernoa izan ditut inspirazio iturri. Baina hainbat hilabete daramatzat basoan bizitzen, literalki, eta orain naturan inspiratutako piezak sortzen ari naiz. Nik beti pentsatzen nuen hormigoizko neska bat nintzela, eta orain konturatzen ari naiz uste baino berdeagoa naizela. Baina inoiz ez naiz testuinguru horretan egon, bizi osoa hirietan egon naizelako. Beraz, orain konturatzen ari naiz agian, nolabait, trantsizio batean nagoela ni, eta baita nire piezak ere. Horrela, geometrikoa eta lisoa izatetik, kurba eta testura gehiago sortzera pasatzen ari naiz.
Naturako elementuetatik zerk deitzen dizu arreta gehien?
Guztiak daukan simetriak. Eta era berean, iruditzen zaizu ez daukatela antolakuntzarik, baina ikusten duzunean landare edo lore bat gertutik, simetria eta geometria horiek ikusten hasten zara. Konturatzen zara eraikinen aurretik natura izan dela lehenago, eta organikotasun horretara itzultzen ari naiz.
Eta eraikinetan inspiratuta sortzen zenuenean, zerk ematen zizun arreta?
Edozer gauzak. Badaukat bilduma bat Parisko eraikin batzuen leihoetan inspiratuta dagoena. Nire lehenengo bilduma eliza baten argi zuloetan inspiratuta egin nuen, argi zulo horiek arreta handia eman zidatelako. Normalean, argien eta itzalen kontrasteak erakartzen ninduen, edo atearen eta eraikinaren formak. Nik hori ikusten nuenean, bitxi bat imajinatzen nuen. Agian beste pertsona batentzat zaila da hori irudikatzea, baina nik badakidanez zein eskalatan ari naizen lanean bitxi batekin, ikusten dudana bitxi eskalara eramaten dut.
Nolakoa da zure sormen prozesua?
Bi modu daude. Jendeak ekartzen badit edo nik erosten badut harriren bat, harriak eskatzen dit zein forma izango duen bitxiak, eta horren arabera hasten naiz lanean. Pieza horrek ildoa markatzea izan daiteke kasu bat. Bestela, formaren bat ikusten badut, orduan hasiko naiz pixka bat bozetoa egiten. Ez naiz marrazki asko egitekoa, orokorrean maketara joaten naizelako. Eta askotan zuzenean zilarrera joaten naiz, lehenago latoian edo kartoian frogarik egin gabe, badakidalako zer egin nahi dudan. Gainera ez bada ondo ateratzen, beti galdatu daiteke. Gero, sortutako pieza horrekin modifikazioren bat egin daiteke: adibidez, hiru belarritako pare nahi baditut, tamaina txikia, erdikoa eta handia egingo ditut. Eta hasierako forma horretatik modifikazioak egin eta koilareak, erantzunak, belarritakoak eta beste egin ditzaket.
Zenbat denbora eraman diezazuke hori guztia egiteak?
Egin nahi dudanaren araberakoa da hori. Niri oso garrantzitsua iruditzen zait mahaiko lana bukatzen den momentuan argazki saioa egitea, eta horrekin ematen diot amaiera proiektu bati. Hori guztia egiten hiru hilabete eman ditzaket erraz, eta sei ere bai. Izan ere, batzuetan ikusten dut forma bat, eta iruditzen zait sekulakoa dela; baina hurrengo goizean esnatu, eta agian ez zait batere gustatzen. Eta hurrengo goizean ez bada, hurrengo hilabetean ere gertatu daiteke hori.
Azken urteetan, adibidez, ez dut bildumarik egin. Duela urte eta erdi egin nuen azkena, ikastaroak ematen zentratu naizelako orain arte. Orain berriz gogoz nago, eta aurten, pare bat bildumetan ari naiz lanean.
Nolako bildumak dira?
Bat mutilentzat izango da nagusiki. Ez dut esan nahi soilik mutilentzat izango denik, edozeinek erosi ahal izango duelako. Baina azken urteetan askoz eraztun finagoak egin izan ditut, eta azokako nire postuaren aurrean mutil asko gelditzen dira, eta galdetzen didate ea ez daukadan mutilentzat ezer. Gabon hauetan askok esan didate, eta beraz, horrelako bilduma bat egitea erabaki dut. Beste bilduma, aldiz, emaztegaientzat egingo dut. Azken boladan oso perlazale nabil, eta hainbat moda diseinatzailek eskatu didate beraien lantegian nire bitxiak izateko. Nik aurretik pentsatuta neukan horrelako zerbait egitea, baina eskaera horrekin momentu polita iruditzen zait hori egiteko.
Gabonetarako beste bilduma bat egingo dut, eta hori bai nire inspirazioan zentratuta egingo dudala, jende guztiarentzat.
Zenbat bilduma egin dituzu orain arte?
Hasi nintzenetik orain arte, zazpi bilduma egin ditut. Eta aurten, urtea bukatzerako, hamar izango ditut.
Zein material duzu gustukoen zure bildumak egiteko?
Urrea. Dirua izango banu, urrearekin egingo nuke lan beti. Urre horia dut gustukoen, urre txuria zailagoa delako lantzeko, eta urre arrosaren koloreak ez nauelako gehiegi konbentzitzen. Urre horiarekin lan egitea gozamen bat da, eta emaitza ere oso polita da. Zilarrarekin egiten dut lan prezioan desberdintasun handia dagoelako, baina esan bezala, ahalko banu denbora guztian erabiliko nuke urrea.
Zein da bitxigintzako zure erreferente nagusia?
Bat nire praktiketako irakaslea, Amira Sliman. Parisera frantsesez eta bitxigintzaz oso gutxi jakinda iritsi nintzen, eta berak uneoro izan du konfiantza nigan. Bere salmenta puntuan saldu nuen lehenengo aldiz, bitxigintza garaikideko erakusketa askotarako proposatu nau, eta bere lantegian piezak amaitzeko nahi nuenean joaten uzten zidan. Beti eduki izan du konfidantza handia nigan, eta nik ere ematen nion; hori, azken finean, elkar truke bat delako. Berak nik baino hamabost edo hogei urte gehiago ditu, eta beti ikusi izan dut erreferente gisa.
Beste erreferente bat nire aitona izan da. Oso bizitza xumea eduki du, arotza izan da, eta eskulturak ere egin zituen garai batean. Baina beti egin du lan interesik edo handinahirik gabe. Oso gustura aritzen zen lantegian, eta ni txikia nintzenean bertara eramaten ninduen. Azkenean, uste dut artisautzarekiko grina hori aitonarengandik jaso dudala. 98 urterekin hil zen duela bi hilabete, urte asko bizi izan ditu, eta espero dut nik ere gene horiek edukitzea [barrez].
Bitxigintzaren egoera nola ikusten duzu hemen inguruan?
Alde batetik, gizonezko bitxigileak daude, orokorrean, bere aitarengandik ikasi dutenak ofizioa. Gizon helduak izaten dira normalean. Eta bestalde, gu gaude, neska gazteak. Nik uste dut bi egoera horiek daudela: gizonek ezkutuan egiten dute lan, tailerretan; eta guk azokak egiten ditugu, bildumak ere bai eta alde batetik bestera joaten gara gure bitxiekin. Nik etorkizuna badugula uste dut; ez gara asko, gutxi gara, eta lan egiteko prest gaude. Iruditzen zait asko bagina, denok ez genuela gure tokia izango. Baina gaudenak gustura egiten dugu lan, elkar ezagutzen dugu eta ondo eramaten gara.
Esan ohi da bitxiak garestiak direla. Zein profil dute zure bezeroek?
Nik zerbitzu desberdinak eskaintzen ditudanez, askotariko publikoa daukat. Umeetatik hasi eta erretiroa hartuta daudenetaraino, edonor etortzen da ikastaroetara. Bitxiak galdatzera ere edozein etortzen da: herentzia bat jaso dutenak, etxean bitxiak dituztenak, baina berregin egin nahi dituztenak… oso plurala da publikoa. Eta bildumak erostera esango nuke 20 urte dituztenetatik 60 urtera bitarteko gizon eta emakumeak etortzen direla. Azken finean, zugan eta artisautzan sinesten duen jendea da, eta horregatik etortzen dira zugana. Hala ere, badut bezero mota bat buruan: nik 35 urte dauzkat, eta beti kalkulatzen dut hamar urte gora eta hamar urte behera, hor dagoela nire publikoa.
Bitxigintzaren munduan noraino iristea gustatuko litzaizuke?
Eskolatxo txiki bat eduki nahiko nuke, hau baino pixka bat handiagoa. Hamar mahairekin eta bi irakaslerekin, adibidez. Niri ez zait bakarrik lan egitea gustatzen, eta uste dut horregatik sortu dudala eskolatxo txiki bat. Egunero nire lantegian, bakarrik, aspertu egiten naiz, eta jendearekin egoteko beharra sentitzen dut, eta ez soilik azokak ditudanean. Izan ere, nolabait esatearren, niri ez zait saltzea gustatzen. Egin behar dudan zerbait da, baina ez zait gustatzen, inork berez ez duelako behar bitxi berri bat. Horregatik nahi dut galdatu, eta ikastaroak eman. Izan ere, zuk dagoeneko bitxiak badituzu, eta zuk daukazuna galdatu ostean bitxi berri bat egin badezakezu, ez zara bitxi hori erosten ari, esperientzia baizik.
Bitxigile berriak sortu daitezke hemendik?
Jendea dibertitzera etortzea nahi dut, zaletasun gisa, edo jendeari opariak egitera. Nire asmoa ez da hemendik bitxigileak ateratzea, horretarako ikasketa ofizialak badaudelako. Jendea tarteka etortzea nahi dut, dibertitzera eta zerbait ikastera. Eta bitxigileren bat ateratzen bada, ba, primeran!