Gobernu grisa, etorkizun beltza
Hauteskundeak bertan, eta gobernu aldaketarik egon ezean edo gobernuaren egiteko moduan aldaketarik ez bada, etorkizun iluna izango dugu. Hiria salgai, nork agintzen du? Ez al dira konturatzen ondorioak denontzat direla, haientzat eta haien ondorengoentzat ere bai. Atzar hadi!
EAJ-PSE-EE alderdiek bi legealdi hauetan ezer gutxi egin dute naturaren alde; bai, ordea, eraso bortitzak. Ezin ahaztu metroa, Belartzako delitua, Lourdes Txikiko txikizioa, zuhaitz mozketak, AHTa egiteko lanak, Urumearen kanalizazioa, Santa Klara uharteko proiektu zentzugabea, 27 Industrialdea Astigarragarekin lotzeko errepide berriak suntsitutako hariztia edo Intxaurrondoko lotura berria Marrutxipin, besteak beste; eta are beldurgarriagoak zaizkigu aurkeztutako proiektuak: Belartza 2, Antondegiko olatu artifiziala, Loiolako kuartela eta Intxaurrondo lotuko duen errepide berria, diru publikoz eraiki nahi duten Gros-Uliako Basque Culinary pribatua…
Hiri grisa dakarte. Marketinak eta eskuorriek saltzen digutena beste zerbait bada ere, zuriketa berde hutsa da. Dirua dute, medioak eta herritarrengana iristeko ahalmena. Komunikabide nagusiak haien esanetara, zuzen edo zeharka haiengandik (denon dirua izanik ere) edo haiek onartutako proiektuak garatzen dituzten enpresengandik bizi direlako. Ez dakit, ordea, konturatzen diren den-denok planeta bera dugula etxea, aire bera arnasten dugula, lur emankorraren beharra dugula eta biodibertsitatearen parte garen neurrian haren kontserbazioan dugula biziraupena. Ez da soilik neurriak hartzeko abiaduraren eztabaida. Honez gero, berandu goaz, eta erabateko aldaketa gertatzen ez bada, egiteko moduak, helburuak birplanteatu egiten ez baditugu, galbide beretik jarraituko dugu. Galera, ordea, eta ondorioak, denontzat izango dira, gure agintarientzat eta haien familentzat ere bai.
Garai batean hirigintzak bere alderik basatiena erakusten zuen, harria eta porlana nagusi ageri zirelarik, ia berderik gabe. Bi legealdi hauetan bertan ikusi ahal izan dugu gauzak ez direla hainbeste aldatu. Loiola eta Txomin adibide garbiak dira. Topoaren geltoki ingurua berritu zuten, baina lekua grisa utzi zuten, berdegunerik gabe. Bizilagunak auzoa erdibiditzen zuen Loiolako saihesbidea noiz desagertuko zain, proiektu atsegin eta berde batekin amesten, eta autoei begirako zeharbide modernoago bat jaso dute, non ibilgailuek nagusi izaten jarraitzen duten, berdea apaingarria baino ez izanik. Txomiñenea berria eta ibai parkea etxegile eta sustatzaileek herritarren parte-hartzerik gabe bultzaturiko proiektua izan da, eragile sozialei garai batean agindu zitzaigunarengandik oso urruti. Urumea ertzeko belardia baino berdeagoa den ezer gutxi topatuko duzu auzo berrian, hura grisa eta tristea suertatuz. Antzieta pasealekuan zeuden zuhaitz gutxiak moztu zituzten eta hasiera batean ez zen berririk landatzea aurreikusi. Gero kritikak zirela eta, bakar batzuk jarri zituzten, autoaren erreinua apaintzeko.
Urumea ere kaltetu dute, batez ere Martutenen, non ibilgua zabaltzeaz gain harresi bertikalak eraiki dituzten. Ibaian isurketa kutsakor ugari izan dira, txikiak, baina dozenaka, horietako askok 27 Industrialdea jatorri izan dute, bai, udal gobernuak zabaldu nahi duen horretan, Antondegiko landa-zabalaren kaltetan. Baina izan dira ere beste batzuk Urumeako autobidean edo Loiolako Araztegian sortutakoak eta herritarrek salaturikoak, kudeatzaileen ikuskapen faltaren aurrean. Beldurra ematen digu kuartelean gauzatuko dutenak eta sortuko duen inpaktuak.
Zer esan dezakete Añorgakoek. Urteetan jasandakoaren ostean, bulebarizazio partziala eta eskasa lortu dute. Orain, Añorga Txikiko proiektua zein Belartza Goikoan eraiki nahi duten merkataritza gunearen mehatxuak gainean dituzte. Ezin ahaztu udalak lau urte daramatzala Belartzako betelana kendu gabe, eta, beraz, Auzitegiaren epaia bete gabe; eta, aldi berean, arau hauste ugari egin dituzten sustatzaileekin beraiekin ezkutuan negoziatzen jarraitu du, dena guztion ondare naturalaren kaltetan.
Hirigintza alorreko proiektuak bultzatzeko ez dute arazorik, errepideak, obrak eta lan ezberdinak sustatzeko beti prest. Horietan dirua mugitzen da eta ez dugu garbi nork diseinatzen dituen eta nork erabakitzen duen… Ordaindu, denok ordaintzen dugu, naturan eragindako kalteak denontzat dira, baina etekin ekonomikoak bakar batzuentzat dira. Azpiegitura berdeak, naturaguneak eta parkeak zabaltzeko eta berreskuratzeko gogo bertsua erakutsiko balute eta indarra jarriko balute… Horretan, esanetan baino ez dira gelditzen. Hauteskunde kanpainetan denak letxugak baino berdeago.
Hamabost urte luze pasa dira Landarbaso Aiako Harria Parke Naturalean sartzeko eskatu genuenetik eta udalak onartu zuenetik, baina alferrik, ez da gauzatu. Hamar urte urte Mendizorrotzen naturgune babestua sortzeko proposamena egin genuenetik eta udalak landuko zuela agindu zuenetik. Noiztik ez dira lursailak erosi kontserbazioari begira? Zein eremu berreskuratu dira eta degradaturiko zer sailak lehengoratu dira? Zuhaitz andana landatu dituztela aitortu behar zaie, baina oraindik gehiago moztu dituzte, asko gainera eite handikoak. Txorko eta belardietan lorezaintzako loreak erein dituzten bitartean, bertako lore basati ugari-anitzak etengabe mozten dituzte belarrarekin batera. Kanpoko landare inbaditzaileak nonahi hedatzen ari dira. Gerriko berde-urdinaren unea da, korridore berdeena, eta gelditzen zaigun landa eremua blindatzeko momentua. Bide okerra hartu dugu, baina orain aldatzeko aukera eskaintzen zaigu. Zer nahi dugu, hiri berdea ala etorkizun beltza?