Jose Maria Ruiz Urtxegi patronaleko idazkari ohia hil da
Jose Maria Ruiz Urtxegi enpresari donostiarra ostegunean zendu zen, Donostian, 76 urte zituela. Ruiz Urtxegik 25 urte baino gehiago egin zituen Adegi Gipuzkoako patronaleko idazkari nagusi lanetan, 2008an Eduardo Zubiaurrek, orduko Adegiko presidenteak, kargugabetu zuen arte. Hainbat negoziazio kolektibo bizi izan zituen patronaleko idazkari gisa, baita industriaren eraldaketa ere, besteak beste.
ETA enpresaria hiltzen saiatu zen 1996an, Donostiako Lorea auzunean egindako atentatu batean. Autoan lehergailu bat jarri zioten, baina une horretan atzerrian zegoen Ruiz Urtxegi, eta Joseba Lezetak, enpresariaren lehengusuak, hartu zuen autoa. Autoa lehertzean, beraz, Lezeta zegoen barruan, eta bi hankak galdu zituen horren ondorioz. 2008tik, bizitza publikotik desagertu zen Ruiz Urtxegi, eta 2017an egin zuen berriz ere agerraldi publiko bat, ETAren jarduna pairatu zuten enpresarien omenezko erakunde ekitaldi batean.