"Osasungintza publikoa ezin da saldu"
DOPA plataformak antolatuta, osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute bihar Donostian, 17:00etan, Bulebarretik abiatuta. Kontxi Rebollo (Gros, 1949) eta Marta Barandiaran Forcada (Parte Zaharra, 1955) plataformako kideak dira, eta kalera ateratzeko beharra nabarmendu dute, kalitatezko osasungintza publiko eta unibertsala defendatzeko. Bilbon eta Gasteizen ere egingo dituzte manifestazioak, 12:00etan.
Zergatik antolatu duzue biharko manifestazioa?
Marta Barandiaran Forcada (M.B.F.): Osasungintza publikoa defendatzeko. Arreta sanitarioa asko degradatzen ari da, eta uste dugu hori salatu behar dugula. Osasuna eskubide bat delako eta arreta sanitarioa osasunaren parte bat delako.
Zer da DOPA plataforma?
Kontxi Rebollo (K.R.): Donostialdeko osasun publikoaren aldeko plataforma da, pandemia garaian sortutakoa, gauza asko okertzen ari zirelako Osakidetzan; batez ere, lehen arretan. Pandemia bukatu ondoren, ikusi dugu egoera gero eta okerragoa dela. Eta, ez dugu soilik guk esaten, langileak ere ari dira egoera salatzen. Osakidetza izar bat izan zen bere garaian, baina okerrera joaten ari da.
Horrela, sindikatuek aurretik antolatu dituzte beste mobilizazio batzuk, eta guk geurea antolatzea erabaki dugu orain, herritarron ikuspegitik.
Zehazki, zeintzuk dira zuen eskaerak?
M.B.F.: Osasungintza publikoa eta, nola ez, doakoa izatea, kalitatezkoa eta euskalduna. Bestalde, etengabeko desegiteari aurre egin nahi diogu, eta pribatizazioak gelditzeko eskatzen dugu. Izan ere, Osasun Sailak zerbitzu asko azpikontratatu egiten ditu; besteak beste, garbiketa zerbitzua.
Aurrez aurreko arreta itzultzeko ere eskatzen dugu, pandemia garaian desagertu egin baitziren, eta zailtasunak daude aurrez aurreko arreta berreskuratzeko.
K.R.: Hain zuzen ere, hainbat osasun zentrotan arazoak izan dituzte Aste Santuko oporretan, mediku falta izan dutelako eta erizainak aritu behar izan direlako medikuen lana egiten. Hori planifikazio eza da, aspalditik datorrena. Gainera, ez dute esan zer neurri hartuko dituzten etorkizunean halakorik berriz ez gertatzeko.
M.B.F.: Eskaerekin jarraituz, itxarote zerrendak murriztea oso beharrezkoa da. Ez da posible proba bat egiteko zortzi hilabete itxaron behar izatea.
Azkenik, euskaraz artatua izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, gaur egun oraindik ez baita bermatzen.
Eragile ugariren babesa jaso duzue, ezta?
M.B.F.: Atxikimendu ugari jaso ditugu, bai: mota askotako herri eragileak, sindikatuak, eta abar.
K.R.: Hainbat auzotako elkarteek bat egin dute, eta baita sindikatuek, eskola publikoek eta talde feministek ere, besteak beste. Pentsatzen dugu herri erantzuna eman behar diogula osasungintza publikoa pairatzen ari den egoerari, denoi eragiten digulako. Horregatik, deialdia ahalik eta gehien zabaltzen saiatu gara.
Zein da osasungintza publikoaren egoera?
M.B.F.: Sistema oso egoera larrian dagoela uste dut, sentsazio hori dut. Ez dakigu zer gertatzen ari den, baina uste dut herritar guztiok daukaguka sentsazio hori. Erkidego honetan osasungintzan gastatzen den diru guztiarekin, nola da posible horrelako arreta sanitarioa izatea? Nola banatzen da diru hori? Nora doa? Zeri ematen diote lehentasuna gure gobernariek? Ez dago gardentasunik.
K.R.: Osakidetzaren barruan beti presente egon den eztabaida bat da hori. Ordea, gu konturatu gara herritarrak eztabaida horren parte izan behar garela.
M.B.F.: Guk parte hartu behar dugu hurrengo sistema osatzen. Ikusi beharko dugu nola, baina parte hartu behar dugu. Bai sistema orokorrean eta bai tokian tokiko osasun zentroetan.
K.R.: Gainera, lehen arreta zaintzea oso garrantzitsua da. Izan ere, Europan esaten ari dira kalitatezko lehen arreta izanez gero, paziente gutxiago egongo direla ospitaleetan. Hau da, hasiera-hasieratik ondo tratatzen bazaituzte, daukazun gaixotasunaren edo dena delakoaren arabera, agian ospitalera joan gabe sendatu zaitezke. Eta, hilkortasuna gutxitu egiten da horrela.
Pentsionistok esan ohi dugu gobernatzen duenak gobernatzen duela, pentsioak defendatu behar direla, eta osasungintzarekin gauza bera esaten dugu. Osasungintza publikoa ezin da saldu, eta saltzen ari direla iruditzen zaigu.
Euskaraz artatua izateko eskubidea aipatu duzue. Aspaldiko aldarrikapena da.
K.R.: Askotan, anbulatoriora joaten zara, eta atean Hemen euskaraz hitz egin dezakezu jartzen badu ere, euskaraz hitz egiten hasten zara eta artatzen zaituenak esaten dizu ez dakiela euskaraz. Behin gertatu zitzaidan, adibidez, erizain bati euskaraz hitz egiten hasi nintzaiola, eta esan zidala mesedez gaztelaniaz hitz egiteko, ez zekielako euskaraz. Nola da posible hori osasungintza publikoan? Esan zidan ulertzen ninduela, nahi banuen erreklamazioa jartzeko, eta abar. Kontua da nik bere aurka ez daukadala ezer, agian onena izango da erizain gisa, baina nik euskaraz artatua izan nahi dut eta eskubide hori daukat. Eta, badago jendea esaten dizuna, ‘zer nahiago duzu, mediku on bat ala mediku euskaldun bat?’. Nik nahi dut mediku on bat, eta ona izateko euskalduna izan behar du.
M.B.F.: Gainera, bereziki lehen arretan, ezinbesteko tresna bat dago: hitza. Orduan, medikuak ez baldin badu zure hizkuntzan hitz egiten, gaizki gabiltza. Eta, arazoa ez da euskaraz ez dakien pertsona hori, arazoa hori baimentzen duen sistema da.
Pandemia inflexio puntu bat izan zen Osakidetzan?
M.B.F.: Uste dut nabarmen ikusi dela pandemiarekin osasungintza publikoak eztanda egin duela; arazoa hor zegoen, baina pandemiarekin dena agerian gelditu da. Esaterako, beti egon dira itxaron zerrendak, baina orain ematen du denak gainezka egin duela. Eta, sentsazioa dugu ezin garela aurrez aurre artatuak izatera iritsi, oso zaila dela erizainarengana edo medikuarengana iristea. Uste dut gero eta sentsazio zabalduagoa dela. Iristea lortzen duzunean, arreta oso ona izan ohi da, baina askotan asko kostatzen da aurrez aurreko ordu bat lortzea.
K.R.: Pandemia oso gogorra izan zen, eta gauza batzuk ulergarriak dira, baina pandemia pasatuta ere, berdin-berdin jarraitzen dute.
M.B.F.: Gainera, Osakidetza entzungor dagoela dirudi, ez du inor entzun nahi. Denak atera dira kalera: langileak, zerbitzuburuak, gu aterako gara orain, eta abar. Baina, entzungor jarraitzen dute. Gurekin behintzat ez dute harremanik izan.
Zergatik joan behar dute herritarrek biharko manifestaziora?
K.R.: Badakit herri txiki honetan gauza asko gertatzen direla eta mobilizazio asko daudela, baina manifestazio hau bereziki garrantzitsua da, osasungintza baitago jokoan, denoi eragiten digun zerbait.
M.B.F.: Ardura indibidual bat ere badago arreta sanitarioa indartzean, denon eskubide bat delako.
K.R.: Ez baditugu bermatzen osasungintza eta hezkuntza kalitatezkoak, gizartea pikutara doa. Eta, sistema aldatu beharra dago.
M.B.F.: Sistemaren eta sistema hori sostengatzen duten erabakien atzean ideologia dago. Horregatik, hauteskundeak datozen garai honetan, garrantzitsua da pentsatzea, ‘nori emango diot botoa?’, ‘zer eskaintzen didate?’, ‘zer egin dute orain agintean daudenek?’.