Tailerrak unibertsitatean
Jakintza Ikastolako Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleok, aurten ere, Donostiako Unibertsitate Publikoko Magisteritzako fakultatera joan gara, eta hango ikasleekin lanean eta jolasean aritzeko aukera izan dugu. Bi egunez, beraiek prestaturiko tailer ezberdinetan hartu dugu parte. Gure ikastetxeetako geroa dira haiek, eta ikasketa prozesu honen bidea eginez, unibertsitatean landu eta prestatutako hainbat jarduera praktikan jarri nahi izan dituzte gurekin.
Lehenengo elkarretaratzea martxoaren 10ean izan zen, eta bigarrena, astebete beranduago, martxoaren 17an. Unibertsitateko ikasle batzuk ikastetxera gerturatu ziren ikasle eta irakasleoi bidean lagundu eta unibertsitatera gerturatzeko asmoz. Bertan, hiru taldetan banatuta, gela bakoitza gela ezberdin batera eraman gintuzten. Gela bakoitzean tailer ezberdinak zeuden, zein baino zein sortzaile, dinamiko eta gozagarriagoak. Hauek dira burutu genituen tailerretako batzuk.
Aurkitu zure barne animalia jarduera, collagaren kontzeptua ulertu eta artista ezberdinen obrak ezagutzeko diseinatua zegoen. Baita haur bakoitzak bere barne animalia zein den ezagutzeko ere. Hori horrela, haur bakoitzaren sormena abiapuntu harturik animalia ezberdinez osaturiko murala egiteari ekin genion.
Itzalak izeneko tailerra haurrek iluntasuna eta itzalaren kontzeptuak lantzeko sortua izan da. Tailerraren lanketak, geure gorputzarekin ere artea egin daitekeela konturatzeko balio izan digu eta baita artelan bakoitzak interpretazio anitzak izan ditzakeela ikusteko ere.
Babesgunea tailerrak, berriz, irudimenaren bidez haurren sentimenduak piztuarazi eta azaleratzea izan du helburu. Material ezberdinekin egin genuen lan eta denon artean sentimenduei izenak jarri eta hauek hobeto ezagutzeko bideari ekin genion. Honela, estetikarako sena lantzeaz gainera, gaitasun emozionala ere landu genuen.
Bizitzaren eboluzioa jarduera gorputza eta performance-a lantzeko sortua izan da, Esther Ferrer artistaren lana oinarri harturik. Talde-lana sustatu eta sormena eta irudimena martxan jarri genituen. Hitzik gabe komunikatzeko aukera ere badela ikusi genuen.
Sekulako lana egin dute, eta ederki zainduak sentitu gara. Oso esperientzia positiboa izan da haur zein irakasleentzat, eta, berriz ere, horrelako tailerretan parte hartzeko gogoz geratu gara. Horrenbestez, gure esker ona adierazi eta datorren urtean ere esperientzia errepikatzeko asmoz agurtu gara.
Eskerrik asko Donostiako Unibertsitate Publikoko Magisteritzako fakultateko ikasle eta irakasleei. Mundialak zarete!