"Zinema erbestearen opari bat da niretzat"
Carmen Castillo zinegileak (Santiago, Txile, 1945) jasoko du gaur, apirilak 21, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Castillo 1974ko urriaren 26an kanporatu zuen bere herrialdetik Pinochet jeneralaren erregimenak. 1973ko irailaren 11ko estatu kolpeak Unidad Popularraren gobernua kendu zuen, Salvador Allende presidente zuena. Castillo bere herrialdetik kanporatu baino hiru aste lehenago, urriaren 5ean, DINAk (Pinocheten diktadurako polizia sekretuak) Castillo bizi zen Santa Fe kaleko etxeari eraso egin zion. Santiago hegoaldeko komuna batean zegoen kokatua, eta bertan bizi zen Castillo klandestinitatean, bere lagun eta garai hartan MIReko (Movimiento de Izquierda Revolucionario) buruzagi goren Miguel Enriquezekin. Biak ziren diktaduraren aurkako erresistentzia miristako kide. Enriquez Castillo defendatzen hil zen, emakumea larriki zauritu baitzuten haurdun zegoela.
Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria aurkezteko prentsaurrekoan izan da Castillo, eta garai latz haiek izan ditu mintzagai. “Zinema erbestearen opari bat da niretzat. Inori ez diot erbesteratua izatea opa, izugarri sufritzen delako. Baina torturatzaileak, kriminalak eta diktadoreak ezin izan gintuen hil, hiltzeko makina ez delako perfektua, eta horregatik gaude gaur hemen, Donostian”, azaldu du Castillok. Bere iritziz, Giza Eskubideen aldeko borrokak “beti” irabaziko du.
“Biziraun egin nuen”, nabarmendu du. Erbesteratua izan zen, eta erbesteak “beste gauza askoren artean”, zinema oparitu ziola azaldu du: “Historialaria naiz, eta ez nator irudiaren mundutik. 1992an hasi nintzen, Txilen sekulako trantsizio demokratikoa zegoenean; garaileen inpunitatea eta harrotasuna nagusi zirenean”. La flaca Alejandra (1994) zuzendu zuen orduan: “MIReko emakume militante baten istorioa da, DINAren torturek eraginda, haiekin kolaboratzen hasten dena”. 2007an Calle Santa Fe dokumentala argitaratu zuten, Canneseko zinema jaialdian aurkeztu zena: “Pelikula horrek itzulera bat kontatzen du, nire bizitzako gizonarekin, Miguel Enriquezekin, eta lau urteko bi haurrekin klandestinitatean bizi ginen lekura. Bizitza hartan zoriontasuna egunero ukitzen genuen, eta mehatxua kanpoan zegoen. Han, bizitza oso batean bizi daitekeen guztia bizi izan nuen. Leku horretara itzuli nintzen 2002an, eta nire bizilaguna aurkitu nuen, Manuel Diaz, langile xume bat. 2002an jakin nuen gizon horrek bizitza salbatu zidala, berak altxa baininduen lurretik ordu eta erdiz odola galtzen egon ostean, haurdun nengoenean. Militarren eremura sartu eta ni anbulantzia batera igotzeko exijitu zuen Diazek, eta militarrak gainean nituela iritsi nintzen ospitale publiko batera”. Castillok azaldu du horrelako gertakari ugariri esker duela orain Donostian egoteko aukera.
Castillok hogei dokumental zuzendu ditu, eta hainbat eleberri idatzi ditu bere ama Monica Echeverriarekin batera: Un día en Santiago, Ligne de fuite eta Santiago-París. El vuelo de la memoria. Bere filmak Txilen “oso gutxi” zabaldu direla adierazi du, han, zinema aretoak “ia ez direlako existitzen”, eta existitzen badira, “monopolio multinazionalen menpe” daudelako. “Zinemak emozioak eta galderak sortzeko tresna bat izan behar du, eta memoriari buruzko pentsaera bat garatzeko elementu bat ere bai. Iragana ez da artxibatu edo museo batean jarri behar, memoria orainalditik berraktibatu egin behar delako”, nabarmendu du. Ildo horretan, Castillok azaldu du bere lanak orainaldian eginda daudela, iraganean gaizki egindakoek argia ikusteko asmoz. “Inork ezin die gertatu zena ahazteko eskatu zapalduak izan ziren biktimen seme-alabei eta bilobei, eta gertatu zenaren inguruko lanketa handi bat egin behar da”, nabarmendu du.
1976an Parisen (Frantzia) bizitzen hasi zen Castillo, eta bertan jarraitzen du oraindik ere, nahiz eta 1988an demokrazia berrezartzean Pinochetek plebiszitoa galdu zuenetik, gero eta egonaldi luzeagoak egiten dituen Txilen. “Nire herrialdetik bota ninduten, nazionalitate txiletarra kendu zidaten, eta errefuxiatu politikoa izan nintzen. Hainbat urtez ezin izan nuen bidaiatu, terrorista internazionalen zerrenda batean nengoelako. Baina Frantziak nazionalitate bat eskaini zidan 1982an, eta sekulako oparia izan zen niretzat. 1990ean Patricio Aylwin aukeratu zuten Txileko presidente, eta itzulerarako debeku guztiak kendu zituzten. Hala ere, Txile horrek berriro erbesteratu ninduen, ezin nuelako garaileen diskurtso harroa eta gezurra jasan. 2002an Txilera itzuli eta berriro konektatu nuen nire herrialdearekin, eta oso presente egoten hasi nintzen. Une horretatik aurrera, eta osasuna dudan bitartean, Frantzian eta Txilen egongo naiz”.
Castilloren arabera, Frantziak zinegilea izateko aukera ematen dio, eta Txilen egiteko politikoa du. “Oso garrantzitsua iruditzen zait Txilen egin dezakedan transmisio lana. Defendatzeko eta esateko gauza asko ditut Txileko etorkizuneko politikari eta demokraziari dagokionez. Egoera hori ez da erraza, noski, baina ahal dudan bitartean, horrela biziko naiz. Frantzian eta Txilen bizi naiteke, bi tokietan daukat familia, baina ez dut toki bat erabaki nahi betirako. Nire familiak eta nik memoriaren aldeko etengabeko borroka horretan parte hartu nahi dugu”, nabarmendu du.