Jendetza bildu da Osakidetzaren politikan "aldaketa sakona" eskatzeko
Kalitatezko osasun publikoa, duina eta unibertsala bermatuko duen osasungintza publikoaren aldeko manifestazioa egin dute gaur Donostian. Adierazi dute herri plataformen bidez lanean jarraituko dutela Osakidetzaren "egoera larria" salatzeko
“Pozik gaude jendea kalera atera delako esateko ez dagoela gustura Osakidetzarekin. Ondo funtzionatuko balu, ez ginateke hemen egongo. Ez gaude ados nola kudeatzen ari diren egoera hau. Aldaketa bat beharrezkoa da. Denok izan ditugu arazoak Osakidetzan, eta horregatik gaude hemen. Pandemiatik hemen gaude borrokan. Dirua badago, eta inbertitu egin behar da osasungintza publikoan”, adierazi dio Irutxuloko Hitzari Kontxi Rebollok, Donostialdeko osasun publikoaren aldeko plataformako kideak. Mobilizazio jendetsua izan da gaur arratsaldean Donostian: Erdialdeko kaleetan osasungintza publikoaren aldeko hamaika pankarta zabaldu dituzte, eta jendetza joan da haien atzetik.
Eta gaurkoa ez da azken protesta izango. Mobilizazio hau hasiera besterik ez dela esan dute: “Herri plataformen bidez, lanean jarraituko dugu gure auzo, herri eta hirietan osasun publikoaren defentsa aktiboan eta murrizketa zein pribatizazioen aurka”. Izan ere, Eusko Jaurlaritzari, EAJ eta PSEri eskatu diote Osakidetzaren politikan “aldaketa sakona” egiteko: “Eskatzen dugun aldaketa honek prestazioak murriztu, kalitatea galdu edota zerbitzuak probatizatzeko dinamika hau irauli behar du guztiz, eta ezinbestekoa den herritarren parte hartzea bermatu behar du”. Amaierako ekitaldia Bulebarrean izan da, eta bertan hartu dute hitza OPAko kideek.
Nabarmendu dute denek dutela kalitatezko osasun publiko duina eta unibertsala izateko eskubidea, ahalik eta osasun baldintza onenetan bizi ahal izateko. Eta gogoratu dute oinarrizko eskubide hori ez dela musutruk izan: “Aurreko belaunaldiek egindako gizarte borroka luzeei esker lortu zen”. Ordea, aspalditik eskubide unibertsal hori etengabe urratzen ari direla salatu dute, eta Osakidetzaren arduradun politikoek egindako plangintza traketsari leporatu diote egungo egoera: “Plangintza horren parte dira egin diren murrizketak, eta baita Osakidetzaren desegite programatua ere, osasun publikoaren kaltetan, eta klinika, mutua eta aseguru etxe pribatuen interesak bultzatzeko”.
“Deskalabru hau” bereziki lehen mailako arretan nabarmentzen ari dela uste dute: “Osasun zentroak itxi eta arreta ordutegiak murrizten ari dira. Etengabe egon behar izaten dugu telefonoaren zain hitzordu bat lortzeko. Arreta presentziala lortzeko zailtasun handiak ditugu, espezialista bat eskuratzeko itxaron zerrendak eta ebakuntza bat egiteko epeak izugarri handitzen ari dira. Lehen mailako arretako osasun langileak etengabe ordezkatzen dituzte eta gure hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen dira”.
Adierazi dute Eusko Jaurlaritzak ez duela bere erantzukizuna onartzen: “Dauden arazoak gutxietsi eta beste batzuei egozten dizkiete ardurak. Arreta ‘humanizatzea’ proposatzen duten plan estrategiko miresgarriak aurkezten dituzte, zeinetan, kontuz, arreta hori, telefonikoa, birtuala, diferitua eta langilerik gabea den”.
Herritarrengan dagoen haserrearen aurrean erakundeek “ezikusiarena egin dutenez”, osasun publikoaren defentsa aktiboa egiten ari diren plataformak mobilizatu behar izan direla azaldu dute. Donostian ez ezik Bilbon eta Gasteizen ere protesta jendetsuak egin dituzte gaur.