Kirol emaitzak

Behar zuten garaipena

reala Carlos Fernandez, David Silva eta Mikel Oiartzabal, Fernandezen gola ospatzen. (Argazkia: Reala)

Sufrituta eta markagailuari buelta emateko ahaleginak eginda, baina Realeko mutilek hiru puntu batu zituzten larunbatean Anoetan, Rayo Vallecanoren aurkako partidan. Derbia galdu ostean, sentsazio onak berreskuratzeko beharra zuen Imanol Alguacilen taldeak, eta bereziki ondo jokatu ez bazuten ere, madrildarrek aurka garaipena eskuratzeak bultzada emango die txuri-urdinei. Lehenengo zatian gola sartu zuen Oiartzabalek eta dena bide onetik zihoala zirudien, baina gola bertan behera utzi zuen epaileak, aurretik falta egon zela iritzita. Horrela, Rayoko Isik ireki zuen markagailua 57. minutuan, eta maldan gora jarri zitzaion neurketa Realari. Ordea, laster berdindu zuen Sorlothek buruz (59. minutuan), eta haren ordez zelairatu berri zen Carlos Fernandezek egin zuen garaipenaren gola, 82. minutuan.

Neskei dagokienez, horrenbeste behar zuten garaipena lortu zuten larunbatean, Valentziaren moduko aurkari zuzen baten kontra, gainera. Txuri-urdinak nagusi izan ziren neurketaren hasieratik bukaerara, eta hori islatu egin zen markagailuan, bigarren zatian, bereziki: lehenengo gola Fiammak egin zuen bere atean, 58. minutuan; Jensenek bigarrena 64.ean, Andreiak hirugarrena 73.ean eta Franssik laugarrena 84.ean. Horrela, zortzigarren postuan daude txuri-urdinak, Sevillarekin (zazpigarrena) berdinduta eta Tenerifek (seigarrena) baino puntu bat gutxiagorekin.

Belar hockeyan, Reala nagusi izan zen igandean Terrassaren etxean, baina azken laurdenera arte ez zuen lortu markagailua irekitzea. Partidaren azken txanpan, Federica Cartak sartu zuen garaipenaren gola, eta ligako sailkapenean ahalik eta goren bukatzeko helburua lortzeko bidean jarraitzen dute.

Eskubaloian, Bera Berak historia egiten jarraitzen du, bere zazpigarren kopa altxatu baitute asteburuan, Malagan.

EMAITZAK

Futbola

Gizonezkoen liga, 30. jardunaldia

  • Reala 2 – Rayo Vallecano 1

Emakumezkoen liga, 26. jardunaldia

  • Reala 4 – Valentzia 0

Belar hockeya

Emakumezkoen ohorezko maila, 16. jardunaldia

  • Terrassa 0 – Reala 1
HITZAkide HITZAkide