Gipuzkoa Klasikoan gazte ingelesak nabarmendu dira
Donostialdea Bizikletaneko bi txirrindularik bukatu dute bi etapako lasterketa. Aimar Alarcia donostiarrak 72. postuan bukatu du.
Maila oneko Gipuzkoako Klasikoa jokatu dute asteburuan gazte kategoriako txirrindulariek. Lehen etapa Ormaiztegin hasi eta bukatu zen larunbatean, eta Jasper Schoofs belgikarra izan zen irabazlea. Atzo, berriz, Donostiako Egia auzotik abiatu eta amaitu zen bigarren etapa, eta Ingalaterrako ziklistak izan ziren onenak. Alex Beldon izan zen azkarrena.
Donostialdea Bizikletaneko txirrindulariei dagokienez, bik bukatu ahal izan zuten bi eguneko klasikoa. Aimar Alarcia donostiarrak 72. postuan bukatu zuen, eta Tasio Senperena astigartarrak 80. tokian. Lehen etapan, ordea, Unax Betelu donostiarra izan zen taldeko onena; 47. postuan bukatu zuen. Aldiz, atzo ezin izan zuen lasterketa bukatu erorketa baten ondorioz.
Hona hemen, Alarciak klasikoaz egindako balorazioa: “Larunbatean lasterketa oso ondo generaman eta momentu txarrenean dena pikutara joan zitzaigun. Igandean karrera polita eta gogorra izan zen, baita arriskutsua ere, etxetik pasatzen ginen eta ilusioa geneukan zeozer egiteko. Pena, ez dira gauzak nahi bezala atera”.
Aldiz, hauek dira Beteluren hitzak: “Sentsazioak oso onak izan ditut asteburu osoan zehar, baina, zortearen bi aurpegiak ikusi ditut. Larunbatean desnibel dezente eta karrera luzea, nire ezaugarrietarako bikaina zen. Gabiriako portuan lasterketa puskatu egin zen, eta postu txukun bat eskuratu nuen”.
Emaitzak
Lehen etapa (Ormaiztegi-Ormaiztegi, 104 km)
- Jasper Schoofs (ACROG-Tormans)
- Tomos Pattinson (Tofauti Everyone Active)
- Vincent Bodet (Team 31 Jolly Cycles)
Bigarren etapa (Egia-Egia, 119 km)
- Alex Beldon (Anexo Group Race Team)
- Matthew Cole (Zappi Junior Race Team)
- Clement Dubois (CREF PDL-TotalEnergies)
Sailkapen nagusia
- Matthew Cole (Zappi Junior Race Team)
- Alex Beldon (Anexo Group Race Team)
- Tomos Pattinson (Tofauti Everyone Active)