Hamar urteko kartzela zigorra Realeko presidente ohiarentzat
Iñaki Badiola Realeko presidente ohiari hamar urte eta zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote gaur Twitterreko bi kontutatik modu anonimoan egindako irain eta kalumniengatik. Kaltetutako hamahiru pertsonen artean daude Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, hainbat magistratu, Justizia Administrazioko abokatu bat, lurralde horretako Foru Ogasuneko hiru arduradun, notario bat, El Diario Vasco egunkaria eta informazioaren arloko hainbat profesional.
2008an Realeko presidente kargutik kendu izanak sortzen zion azkuragatik, “barrenak husteko” erabili omen zituen kontuok 2017 eta 2018 artean.
Epaiaren arabera, biktimen aurkako txioak “metastasi gisa” zabaltzen joan ziren. Badiolaren kontra esku hartu zuten Ogasuneko funtzionarioei, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiari eta gainerako kaltetuei, Badiolak “ustelkeria politiko, judizial, tributuzko eta kazetaritzako auzi batean nahastuta egotea” leporatu zien, biktima gehienak Kote Cabezudo kasuari buruzko informazioekin “nahasteko”.
Argazki bat zabaltzeagatik harrapatuta
Ertzaintzako agenteen ikerketek, kontuaren atzean Badiola zegoela ziurtatu zuten,”%99an”. Emailak, telefonoak eta pasahitzak ikertu ostean jakin dute hori. Pista, ordea, Badiolak berak eman zuen: txio batean argitaratutako argazki batean, kaltetutako ogasuneko arduradunetako bat agertzen da. Argazki hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren bulegoetan atzeman zuen akusatuak, foru erakundeak bere aurka irekitako espediente fiskaletako bat izapidetzen ari zela.
Funtzionario kaltetuaren lekukotzaren arabera, Badiolak bere baimenik gabe hartu zuen irudi hori, eta Twitterren argitaratzean, bere kontuaren “anonimotasuna” mantentzeko ahaleginean, “akats bakarra” egin zuen.
Arrazoi horiengatik, orain epaiak uste du Badiola zortzi kalumnia delituren erantzule dela, arau konkurtsoan egindako publizitatearekin eta osotasun moralaren aurkako delituarekin egindako kalumnia delitu jarraituen eta arau konkurtsoan egindako laido larrien bost delituren erantzule. Hamar urteko espetxe zigorraz gain, ebazpenak 180.000 euroko isunak ezarri dizkio, eta biktimak 195.000 eurorekin konpentsatzera behartzen du.
Ahozko saioan, Gipuzkoako Fiskaltzak 60 urtetik gorako kartzela zigorrak eta bi milioi euro inguruko konpentsazioak eskatu zituen kaltetuentzat. Epai hau ez da irmoa, bere aurka apelazio errekurtsoa aurkez baitaiteke Gipuzkoako Auzitegian, hamar eguneko epean.