Harrera Sareak dohaintza ekonomikoak behar ditu
Harrera Sareak egoera zaurgarrian dauden pertsona askoren beharrei erantzuten die Donostian, eta jardun horrekin jarraitu ahal izateko, herritarren laguntza eskatu dute. Besteak beste, zaurgarritasun egoeran dauden herritarren behar hauek bete ohi ditu Harrera Sareak: elikadura, butanoa, kozinatzeko tresnak, garraio txartelak, barruko arropa, SIM txartelak, botikak, eta abar. “Elikadura Bankuko elikagaien ekarpena eta norbanakoen arropa dohaintzak izan arren, ez da nahikoa, beste guztia erosi beharra baitaukagu”, azaldu du sareak, eta gaineratu du elikagaiak biltegiratzeko eta banatzeko lokal bat ere behar duela.
“Hiru iturritatik jasotzen dugu dirua: norbanakoen dohaintzak, enpresen dohaintzak eta diru laguntzak. Urteko aurrekontua 50.000 euro ingurukoa da, eta gaur egungo egoera larria da, gastatu baitugu diru guztia. Ondorioz, aurrerantzean, diru sarrerak izan ezean, ezingo ditugu aipaturiko beharrak bete”, azaldu du Harrera Sareak. Horrela, “larritasunezko deia” egin diete herritarrei, bakoitzak “ahal duen neurriko dohaintza ekonomikoa” egin dezala “erregutuz”. Ekarpenak bizum bidez (00980 kodearekin) egin daitezke, edo zuzenean kontu korronte honetan: ES44 2095 5013 7091 1957 7666.