Minutu bateko isilunea, Parte Zaharreko zarataren kontra
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak 60 segundoko elkarretaratzea egingo du apirilaren 26an, 12:00etan, Alderdi Ederreko Lorategian, zaratari buruzko kontzientziazioaren nazioarteko eguna dela eta. Ekimen hau Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko geografiako beste hiriburu batzuetan burutuko da aldi berean.
Era berean, udaleko talde guztiei adierazpen instituzional bateratu bat egiteko gonbita egin diete, “pertsona guztiek hiri ingurumen osasuntsuago batean bizitzeko duten eskubidearen defentsan, zarata eta kutsadura akustikoa murrizteko helburuarekin”.
1996. urtean sortu zen Zaratari buruzko Kontzientziazioren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena. Xedea ingurumen akustikoaren kalitatea sustatzea da, entzumena zaintzea eta kontzientzia hartzea zaratak eta kutsadura akustikoak pertsona, animalia eta ondareen osasunarengan eragiten dituen molestia eta kalteetan.
Mundu mailan ospatzen da urtero apirilaren azken asteazkenean. Zarataren aurkako kanpaina 2023 lelopean ingurugiro osasuntsuago batean bizitzeko dugun eskubidearen defentsan konprometituta dauden Espainiako Estatuko hainbat erakunde sozialek batera koordinatuta antolatu dute Euskal Herrian lehenengo aldiz arten. Helburua zarata eta kutsadura akustikoa murriztea da eta hiru aldarrikapen nagusi egin dituzte:
- Premiazkoa da zarata eta kutsadura akustikoari buruzko eztabaida gizartean. Gure Osasuna jokoan dago.
- Hiritarren eta indar politikoen babesik gabe neurriak ez dira eraginkorrak eta jasangarriak izango.
- Zaratarekin ez dago ez bizi kalitaterik ez osasunik. Zaratak eragiten dituen ondorioez kontzientziatu behar dugu pertsonen, gizartearen eta erakundeen portaera aldarazteko.