Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan deskontuak proposatu ditu Marisol Garmendiak 25 urtetik gorako saltokientzat
Marisol Garmendia Donostiako alkatetzarako hautagai sozialistak Donostian 25 urte baino gehiagoko jarduera duten saltokiei Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan hobariak ematea proposatu du.
Proposamen hori Garmendiaren hauteskunde programan dago, tokiko merkataritza laguntzeko ekimenen artean. Neurrietako bat hiriko saltokietarako OHZ murriztea da, dituzten urteen arabera. Horrela, zergaren %100eko diru laguntza aurreikusten da 100 urtetik gorako historia duten saltokientzat. 50 urtetik gorako establezimenduek %50eko diru laguntza jasoko dute, eta %25ekoa izango da 25 urtetik gorako saltokientzat, betiere Ekonomia Jardueren Gaineko Zergatik salbuetsita badaude.
Hautagai sozialistak adierazi duenez, “tokiko merkataritza funtsezkoa da guretzat, eta argi daukagu udal eremutik politikak ezarri behar ditugula hori sustatzeko, behar duen ikusgarritasuna eta balioa emateko, eta kontsumo arduratsua sustatzeko, komunitatearen ongizatea bultzatuz eta tokiko eta auzoko ekonomia babestuz”.
Marisol Garmendiak, legegintzaldi honetan Merkataritza zinegotzia izan denak, honakoa adierazi du: “Badakigu denda txikiek zailtasun handiak dituztela aurrera egiteko. Merkataritzaren aldeko politika publikoek merkatarien onurarako eragin zuzena izatea nahi dugu, enplegu aukerak sortuz, Donostiak dituen 2.500 saltokiak hiriko enpleguaren %9 baitira”.