Zazpigarren kopa altxatu du Bera Berak
Donostian iaz ez zen posible izan, baina aurten bai, Malagan. Finalean Granollers hartu dute mendean donostiarrek.
Ikaragarria da Bera Bera eskubaloi taldearen historia eta palmaresa. Dutena baino oihartzun handiagoa merezi dute donostiarrek, batez ere, aurten egiten ari diren denboraldia ikusita. Ligako fase erregularra lehen postuan bukatu ondoren, Espainiako zazpigarren kopa irabazi zuten atzo Malagako Martin Carpena kiroldegian. Granollers hartu zuten mendean (31-25), final bizi eta lehiatuan. Defentsan eta erasoan bikain aritu ziren Bera Berako jokalariak.
Finalera iristeko bidea ez zen erraza izan. Larunbatean Atletico Guardesen kontra jokaturiko finalerdia benetan zaila izan zen donostiarrentzat. Pazientziarekin hartu zuten norgehiagoka, eta finalera iristeko helburua lortu zuten, bi goleko aldearekin gaindituta arerioa (25-23).