Pazientzia agortu zaie kontserbatorioan, baldintza kaskarrak direla eta
Ikasgelen kopurua, igogailua, irisgarritasuna, entsegu-gelak, auditorioa, intsonorizazioa, klimatizazioa… Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko hezkuntza komunitateak baldintza kaskarrak salatu ditu, eta “pazientzia agortu” zaiela eta, elkarretaratzeak deitu dituzte ostiral honetan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzaren eta Donostiako Udalaren aurrean.
“Aspaldidanik azpiegitura egokiak dituzten Bizkaiko eta Arabako sare publikoko gainerako kontserbatorioekiko diskriminazio sentimenduak” pazientzia agortzea ekarri dio kontserbatorioko hezkuntza komunitateari.
Diskriminatuta egotearen uste hori areagotu egiten da, ikusten baitute “Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak urteak daramatzatela akordioak egiten hirian era guztietako hezkuntza proiektuetarako hutsuneak aurkitzeko, kontserbatoriorako izan ezik”.
Hori dela eta, gurasoek, irakasleek eta zuzendaritza taldeak kanpaina abiatu dute, eta herritarrei eta sektoreko erakundeei eta kultur elkarteei atxikitzeko gonbita egin diete. Kanpaina ostiral honetan abiatuko da, 12:00etan, Alderdi Ederren, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, eta ordu laurden geroago, udaletxearen aurrean.
Ekipamendu duinen aldarrikapena historikoa da Easo kalean dagoen Donostiako kontserbatorioan. 1933an eraikitako eraikin batean dagoenez, era guztietako hutsuneak ditu musika hezkuntzako ikastetxe batean eska daitezkeen gutxieneko baldintzak betetzeko. Intsonorizazioa da adibide garbienetako bat: ondoko, zein azpiko geletan entseatzen dutenen instrumentuak entzuten dira, eta, honela, ezin ganoraz entseatu.