Urumeako hondakin isurketen ustezko egilea atxilotu dute
Udaltzaingoak gizon bat atxilotu du Donostian, iaz Urumean izandako hondakin isurketen egilea delakoan, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. 63 urteko Donostiako bizilagun bat da, eta ingurumenaren aurkako zer delitu leporatuko diotenaren zain geldituko da orain.
Urumea ibaian askotariko hondakinak agertu ziren 2022an, Mundaiz zubiaren inguruan, bereziki. Eguzki talde ekologistak urtarrilean salatu zuen estreinakoz ibaia “zabortegi” bat zela, eta, martxoan, udalak garbiketa lanak egin zituen; Urumeatik zazpi tona hondakin atera zituzten. Ordea, abuztuan berriz agertu ziren hondakinak, eta Eguzkik salatu zuen garbiketa lanak “bukatu gabe” utzi zituztelako gertatzen ari zela hori.