Bertso saioak egingo dituzte Gipuzkoako adinekoen egoitzetan
Donostian hiru saio antolatu ditu aldundiak; maiatzaren 9an, 17an eta 18an izango dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lanku kultur zerbitzuek, adineko egoitzekin elkarlanean, 21 bertso saio antolatu dituzte Adin-adin egitasmoaren barruan. Urteroko harrera ona dela eta, duela zortzi urte abiatutako esperientzia hazten ari da.
Maiatzaren 3an hasi eta 19ra arte, egoitzetan bizi diren adinekoen gozamenerako, bertso saioak eskainiko dituzte bina bertsolarik. Azken saioak iazko udaberrian antolatu ziren lurraldeko hemezortzi egoitzetan, hemeretzi bertsolariren parte hartzearekin.
Hamazazpi udalerritako 21 egoitzetara iritsiko dira bertso saioak, eta horietako hiru Donostian izango dira. Maiatzaren 9an Parte Zaharreko Elizaran egoitzan Anjel Mari Peñagarikano eta Oihana Arana bertsolariak ariko dira, 15:30ean. Maiatzaren 17an, berriz, Zorroaga egoitzan egingo dute saioa Amaia Iturriotzek eta Andoni Egañak, 17:30ean. Azkenik, maiatzaren 18an, Ategorrietako Lamourous egoitzan ariko dira Libe Goenaga eta Andoni Egaña, 17:00etan.
Proiektu honen bidez, euskal kulturaren adierazpide nagusienetakoa den bertsolaritza adinekoen egoitzetara eramatea da, ahozkotasunak duen potentzial osoarekin, “terapeutikoki zein ludikoki”. Gakoa “adineko pertsonen parte-hartzea bultzatzean eta euren arteko harremana hobetzean” dagoela adierazi du Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak. “Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei; iraganeko oroitzapenak eta bizipenak berpizten zaizkie”, eta horrek sortzen duen “eragin positiboa” balioetsi du diputatuak.