Guztira 350.000 euro emango dizkie udalak hondakin organikoak konpostatzen dituztenei

Herritar bat organikoa botatzen edukiontzi marroira. Herritar bat organikoa botatzen edukiontzi marroira. (Argazkia: Lide Ferreira)

Donostiako Udalak 348.884 euro ordainduko dizkie, guztira, Joko Garbia programaren barruan hondakin organikoak konpostatzeko zerbitzuak erabiltzen dituztenei.

Miguel Angel Diez Hiri Mantentzeko zinegotziak azaldu duenez, “donostiarrek hiru modutan parte hartu dezakete ahalegin honetan: bide publikoan jarritako bosgarren edukiontzia erabiliz, eta konpostatze komunitarioa nahiz etxeko konpostatzea eginez. 14.000 donostiarrek baino gehiagok parte hartzen dute Joko Garbia programan, eta, orain, zabor bilketagatiko tasaren hobarietarako ezarritako zenbatekoak itzuliko zaizkie”.

Datu zehatzak honakoak dira: 12.789 donostiarrek parte hartzen dute konpostatzean bosgarren edukiontzi marroiaren bidez. Bertan uzten dituzte beren hondakin organikoak, txartela erabilita. Txartel horretan, edukiontziaren erabilerak jasota gelditzen dira. Parte hartzaile gehienek txartelaren hobariaren %100 jasotzeko eskubidea dute, txartela zenbat aldiz erabili duten kontuan hartuta. Bosgarren edukiontzia erabiltzeagatiko hobariak 306.102 euro dira, guztira.

Etxeko konpostatzea, etxekonposta, 781 lagunek egiten dute. Beren lorategi edo baratzeetan konpostagailu txikiak dituzte, doan jasotzen dituztenak, beharrezko informazioarekin batera, programan izena ematen dutenean. Konpostatze horrengatiko hobariak 40.192 euro dira, eta parte hartzaile gehienek 50,91 euroko hobaria jasotzen dute konpostagailua erabiltzeagatik.

Konpostatze komunitarioa 82 lagunek egiten dute Donostian. Horiek hiriko hainbat tokitan jarritako guneetan uzten dituzte beren hondakin organikoak. Erabilera honetan ere, txartela behar da edukiontziak irekitzeko, eta hobariak erabilera ehunekoaren araberakoak dira. Kasu honetan, 2.511 euro itzuliko dira, guztira.

HITZAkide HITZAkide