Ekialdeko Barrutiko eragileek azken urteotako kritika egin dute: "Norantz goaz?"
“Oro har, transmititzen ditugun sentsazioak ez dira gozoak”. Honela abiatzen da Ekialdeko Barrutia osatzen duten auzo elkarte eta eragileek egindako balorazioa: Ekialdeko Barrutia: Sei urteko lana. Norantz goaz?
Sei urte dira Donostiako Udalak Altza, Intxaurrondo eta Bidebietarako egitura juridiko propioa abiatu zuenetik, eta, urteotako balorazio bateratua egin dute Altzako Historia Mintegiak, Altzaniak, Emanharrek, Intxaurrondo Berri Emakumeen elkarteak, Plazandreokek eta sei auzo elkarteek.
Egiten duten balorazioan, udalari eskatzen diote barne funtzionamenduan aldaketak egin ditzan: “Informazioa oztopatzeagatik sortzen den gogaitasunak, sailen arteko lankidetza ezak, hartzen diren administrazio eta idazkaritza lanen zamak, bide-laguntza eta dinamizazio ezak, lortutako fruituen ikusezintasunak eta alderdien hauteskunde interesek Batzordearen jardunbidea lohitzeak” erakunde publikoekiko eta “inguruan dauden interes taldeekiko dagoen “mesfidantza areagotu” besterik ez du egingo, sinatzaileen ustez.
Jarduera hobetzeko, hainbat neurri zehatz proposatu dituzte, hala nola, udaleko bitartekariekin harremanak erraztea, dokumentu eta artxibo publikoak lortzeko erraztasuna, Barrutiko Batzarraren ekintza instituzionala planifikatzea, barrutiaren funtzionamenduaren oinarrizko prozedurak sistematizatzea, auzoen mugaketa eta izendapena egokitzea “lurraldean betidanik eta modu naturalean sortu eta erabili diren berezko banaketa” errespetatuz eta herritarrekiko eta gainontzeko eragileekiko komunikazioa hobetzea.
Egindako balorazioan, Ekialdeko Barrutiaren balioa nabarmentzen da, eta azken urteotako balorazio positiboa egiten da baita ere. Bertan aipatzen dira, besteak beste, Ekialdeko Barrutiko auzoetako biztanle guneen, etxebizitza fisikoen eta auzoei buruzko diagnostikoa egin izana; auzo elkarteetako “eskaera historikoei” erantzun izana; emakumeen memoria eta ahalduntzea sustatzeko egindako lana; Altzako Udalaren eta memoria historikoari dagokionez aitorpen historiko “garrantzitsuak” egin izana; eta euskararen ikaskuntza eta erabilera eta kultura integrazioa sustatzea.
“Ekialdeko Barrutiko praktika instituzionala hobetzea” bilatzen dute sinatzaileek, eta udal gobernu berriari konpromiso zehatzak eskatu dizkiote, “partaidetzaren, eraginkortasunaren eta konfiantzaren kultura indartzeko”.