Garmendiak "berehalako" neurriak eskatu ditu kontserbatorioaren harira
PSE-EEko alkategai Marisol Garmendiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatu dio “beste alde batera begiratzeari utz diezaiola eta Francisco Escudero Musika Kontserbatorioa txukuntzeko beharrezko neurriak lehenbailehen eta berehala abian jar ditzala”.
Kontserbatorioko hezkuntza komunitatea urteak darama egoera kaskarra salatzen, eta “pazientzia agortu” zaiela eta, protestaldia abiatu dute. Garmendiak protestaren alde egiteko, prentsa oharra bidali du hedabideetara: “Lotsagarria da horrelako irakaskuntza ekipamendu batek eskolak normaltasunez emateko gutxieneko baldintzarik gabe jardutea.Eraikin honek ez du betetzen irisgarritasunaren legea, ez du igogailurik solairu guztietara sartzeko, ez du larrialdietarako irteerarik eta Jokin Bildarratzen Sailak inbertsioa egin behar du lehenbailehen”.
Garmendiak gogorarazi duenez, Easoko eraikinak 90 urte ditu jada, eta “ia ez da inbertitu” bere instalazioetan hainbat hamarkadatan. Garmendiak Easo-Errondo eremu berrian eraiki beharreko hiri-eraikin berri bat proposatu du.