
Adsis Donostia zentroko ikasleek eta Bidebietako jubilatuen etxeko kideek botatzeko zituzten banku batzuk konpondu dituzte elkarrekin, auzolan gisa. “Bankuak primeran geratu direnez, jubilatuen etxean zeukaten lorategian jarriko dituzte eta ikasleen asmoa lorategia beraiekin txukuntzea da. Eguraldi eguzkitsua dugun egunetan, beste leku atsegin bat egoteko”, azaldu dute.
Orain dela bi urte, Adsis Gipuzkoa Fundazioa egitasmo berri bat hasi zen lantzen. Egitasmo honen helburua, Bidebietan kokatuta dagoen zentroa auzoetara eta auzoa zentrora zabaltzea zen. Iaz, kiroldegiaren alboan hainbat loreontzi jarri zituzten, landareak auzotarrekin batera zaintzeko.
Aurten, jubilatuen etxearekin egindako elkarlanaren ostean, jubilatuek elkarrekin bazkari bat egitera gonbidatuko dituzte eskertzeko. “Guztientzat esperientzi aberasgarria izaten ari da”, azaldu dute Adsiseko kideek. Izan ere, azaldu dutenez, egitasmo honekin ez dituzte soilik harremanak eta partizipazioa zabaldu nahi, baizik eta dagoeneko dituzten gauzak birziklatzera, berrerabiltzera eta murriztera ere bultzatu nahi dute jendea, “ingurunea babesteko eta zaintzeko”.