Musikaren zubia Belgika, Errusia, Donostia eta mundua lotzeko
Errusiarra bata, belgikarra bestea, tradizio ezberdinak izan arren musika dute bizitza eta ogibide Liana Gourdjiak eta Tcha Limbergerrek. Musikenen irakasle plaza lortu zuen Gourdjiak, eta ordutik Donostia dute bizitoki eta babesleku. Musikarekin batetik bestera dabiltza beti, «zubiak» eraikitzen.
Haurrak bizi diren etxeetan sartzerakoan ohartu egiten da bat, espazioa betetzen dutelako jostailuek ezker eskuin. Musikarien etxeetan sartzerakoan, berdin: instrumentuak ageri dira albo batean zein bestean. Haur txiki bat duen musikari familia baten etxean, zer esanik ez! Lurrean jostailuak, paretetan instrumentuak: piano bat, biolinak, gitarrak, perkusioa, ukelelea, lauda, gitarron mexikarra… Oreka berezi horretan jaso gaituzte Liana Gourdjiak (1982, Mosku, Errusia) eta Tcha Limbergerrek (1977, Brujas, Belgika) haien etxean, Antiguan. Duela bost urte, Musikenen biolin irakasle plaza lortu zuen Gourdjiak, eta Donostiara bizitzera etorri ziren: «Orduan Parisen bizi nintzen, eta bi astean behin nentorren Donostiara. Orain alderantziz, hemen bizi gara, eta tarteka joaten naiz Parisera lanera».
Limberger ere musikari profesionala da, eta biolina, gitarra eta ahotsa ditu orain instrumentu nagusi: «Asko bidaiatzen dut, zuzeneko musikaz bizi bainaiz ni. Atzo bertan itzuli nintzen Frantziatik». Itsua da Limberger, baina moldatzen da bidaiatzeko.
Hizkuntzak eta kulturartekotasuna
Kulturartekotasuna oso presente dago bikotearen bizitzan. «Gure alaba euskalduna da, ez daki gazteleraz!», diote barrez, «errusieraz eta nederlanderaz ari da gurekin». Etxean hizkuntza mordoa nahasten dira, Limbergerrek hamar dakizki: nederlandera edo flamenkera, erromania «ijitoen hizkuntza dena», frantsesa, ingelesa, alemanera, gaztelera «Latinoamerikan aritu nintzen bertako musika ikasten», errusiera, hungariarra, greziera eta errumaniera. Euskara faltan orain!».
Azaldu du zergatik ez duen «oraindik» ikasi euskaraz: «Orain arte ez dudalako topatu asko-asko maite dudan euskal musikarik. Hori da hizkuntza bat ikasteko behar dudan arrazoia». Euskal musikaz hitz egiten jarri gara orduan: txistua, alboka eta txalaparta aipatu ditu, «interesgarri» moduan, baina «trikitia ez zait bereziki gustatzen», dio barrez. Ipar Euskal Herriko musika ezagutzen ote duen galdetuta, «oraindik ezetz» erantzun du. Hor akaso topatuko du euskara ikasteko falta zaion arrazoia.
Gourdjiak, euskal musika klasikoan egindako lanak goraipatu ditu, eta iaz, Iñaki Okiñenarekin batera kaleratutako Xarmak diskoa erakutsi du: Aita Donostiaren eta XX. mendeko euskal musikarien galdutako hainbat lan berreskuratu zituzten bertan.
Gourdjia, txikitatik biolinaren prodijioa
Bi musikariek ibilbide oparoa dute bizkarrean, baina «erabat desberdina». Gourdjiaren kasuan oso gazte hasi zen biolina ikasten: «4 urte nituenean, familiak erabaki zuen musika ikasi behar nuela denak ziren musikariak etxean—. Sobietar Batasunean, estatuak erabakitzen zuen bakoitzari zein ibilbide eman: batek kirola, besteak musika…». Bere bidea biolina ikasten abiatu zuen beraz, eta hasieratik, «oso ikaskuntza prozesu serioa» eman zuen aurrera. Sei urte zituenean kontzertuak ematen hasi zen, modu profesionalean. Ikasketa oso zorrotza izan zen: «Komunismoaren azken urteak ziren, baina mentalitate aldaketa oso motela da. Oraindik dago antzeko pentsatzeko modua».
«1990eko hamarkadaren bukaeran, Errusian bizitzea oso zaila zela eta, gurasoek gure bideoak bidali zituzten munduko toki ezberdinetara internetik ez zegoen orduan, pentsa, eta AEBetan beka bat eman zidaten, Clevelanden». Estatu Batuetan 11 urte eman ostean, Parisera joan zen, eta, bertan, beste 9 urtez, tartean sari mordoa irabaziz.
Antiguan, familia laguna
Donostian bizitzen geratzea erabaki zuten beraz, eta alaba jaiotzean, Jakintza Ikastolara eraman zuten, Antiguara. Iaz parte hartu zuten Familia Lagunak programak, eta esperientzia «bikaina» izan zen: «Gutxika ari gara gaztelera ikasten, baina honi esker harremanak estutu ditugu gurasoekin. Ikastolan txikientzako kontzertuak eman genituen, oso polita izan zen». Inklusioaz gogoeta egin du Gourdjiak: «Bizitza osoa eman dut integratzen saiatzen: AEBetan, Frantzian, eta orain Euskal Herrian. Iruditzen zait zuk aukeratzen duzunean bizitokia ez dela horren zaila. Okerragoa da beste batzuetan, errefuxiatuen kasuan, adibidez. Herrialde baten hizkuntzak eta ohiturak zerotik ikastea, ez da erraza».
Kulturartekotasuna lantzeko, bikoteak badu bidezidor bat: musika. «Musikak kulturen arteko zubiak eraikitzen ditu. Urrutira jo gabe, Liana eta nire arteko zubia egin zuen», kontatu du Leimbergerrek. «Oso mundu ezberdinetakoak ginen, baina errepertorioa ezagututa, munduko edozeinekin jo dezakezu, are bere hizkuntza jakin gabe!».
Limberger, ijito musikaria
Oso bestelakoa da Liembergerren formazioa. Ijito musikari familia batean jaio eta hezi zen; jazz manouche, edo ijito jazz estiloan zailduak, Django Reinhardten estilo ezagunean.
«Aitak bazuen lagun bat, ez zena ijitoa, flamenkoa baizik, eta bazuen ikuspegi zabalagoa. Hungariako musika eta flamenkoa erakutsi zion aitari». Manitas de plata musikariaren antzera, flamenko mota bat jotzen zuen, bestelako arau batzuk zituenak, eta Europan «ondo sartzen» zena. «Asko-asko maitatu nuen musika hau, eta haurra nintzela, buru-belarri hasi nintzen abesten eta jotzen». Ordea, 12 urte zituela ohartu zen «horrela ezin zela egin». Flamenkoa ikasi nahi bazuen, Espainiara joan beharko zuen, «benetako kodea» ikastera. Hori ezinezkoa zitzaionez, familiaren musika hautatu, eta manouchean trebatu zen: gitarra, klarinetea, biolina… denetarik ikasi zuen.
«Hamazazpi urterekin hasi nintzen biolina jotzen, melodia txiki batzuk jotzeko. Jende guztiak dio ez bazara 8 urterekin hasten, ezin duzula ikasi. Baina tira, azkenean, ikasi nuen, eta nahiko ondo moldatzen naiz egun», kontatu du Limbergerrek.
Gerora, Hungariara joan zen bertako errepertorioa ikastera, 23 urterekin. Transilvaniara ostean, Kalotaszeg eskualdeko musika ikastera: «Trio bat daukat bertan, talde horretako biolin jolea hil zen, eta nirekin jarri ziren harremanetan. Nik esan nien ez naizela bertakoa, belgikarra naizela, baina haiek esan zidaten musika hori, bertakoek jotzen duten eran jotzen dudala, eta, tira, ordutik ari naiz haiekin».
Gutxi balitz, Grezian aritu zen bertako musika ikasten, Bolivia eta Peruko musika aimara eta quechuak, Paraguaiko musika guarania apur bat ere…
Musika tradizionalean badira mundu osoan bat egiten duten hainbat puntu komun. «Euskal musikak eta musika irlandarrak badituzte antzekotasunak erritmoan», dio Gourdjiak. «Grezian ere badago albokaren oso antzekoa den instrumentu bat. Izan ere, gauzak gero eta zaharragoak izan, gero eta konektatuagoak daude», gehitu du Limbergerrek.
Musika tradizional guztiek badute zerbait komunean: «Ez dago partiturarik, soilik kodeak. Estilo baten kodea zeureganatzen baduzu, nahi beste bariazio egiten ditzakezu; eta hitz egin gabe elkar komunikatu».
Oreka bila
Musikarien bizitza ez da erraza, Goudjiaren ustez: «Espazio asko hartzen duen ogibidea da: nire ikasleak etxean agertzen dira bat-batean, igande batean, emanaldi bat prestatzen ari direlako edo auskalo, eta alaba jeloskor jarri daiteke, nik zer dakit. Oreka bilatu behar dugu, familiaren eta lanaren artean».
Jazz antolatzaileak desastre bat direla diote barrezka, eta hilabete lehenago deitzen diote Limbergerri, kontzertu garrantzitsu bat eskaintzeko: «Denbora gutxi da gure egunerokoa ondo antolatzeko». Musika klasikoan ezberdina da eta denbora nahiko izan ohi dutela dio Gourdjiak: «Tira, Espainian ezik, Espainian katastrofikoa da. Frantzian eta Alemanian, urtebete lehenago ditugu ordutegiak».
«Oreka» horren bila ari dira; Euskal Herriaren eta Europaren arteko bizitza ahalik eta hoberen antolatzen. Eta etorkizuneko proiektuak amesten: Gourdjiak ganberako «talde on bat» egin nahi du datozen urteetan, hori da bere ametsa. Limbergerrena, berriz, Donostian gauero kontzertuak eskaini ahal izatea: «Egunean zehar etxeko lanak egin, eta gauean maite dudan musika jotzea». Oroitzen du Budapesten, 1989 arte, 75 orkestra aritzen zirela gauero-gauero hirian kontzertuak eskaintzen. Akaso guk ere ikusi ditzakegu hiriko musikariak egunero, etorkizunean. Nork daki.
Belgikara, sorterrira hilabetero joaten da Liemberg: «Lana bertan daukat, eta lagunak ere, eta asko-asko joaten naiz. Euskal Herrian lana izango banu akaso, ez nintzateke hainbeste joango. Ez dut Belgikaren faltarik, lanaren falta baizik».
Limbergek nahiago du Donostia Bruselas baino, batez ere alabagatik: «Hemengo bizi kalitatea izugarria da, eta ez nintzateke Bruselan biziko. Parisera edo Bruselara eramaten dugunean alaba, kexatzen hasten da usaina, zikinkeria eta zarata dela-eta [barrez]».
Gourdjiak Errusiarekin duen harremana berezia da ere: «Gaztetan joan nintzen bertatik eta jada ez da nire etxea. Ez dut afiliazio berezirik sentitzen Errusiarekin. Familia bisitatzera joaten naizenean gustora nago, eta hizkuntzarekin eroso sentitzen naiz, noski, baina gainontzekoan oso arrotza zait».
«Euskal Herrian sentitzen naiz etxean. Oso desberdina da guztia, baina haurrekin dugun harremana ederra da hemen», gehitu du: «Hori bai, bidaiatzen jarraituz; hemen lasaitasuna, eta kanpoan mugimendua».
Bizialgunekin harreman ona dutela kontatzen du: «Hasieran, euskaldunak oso itxiak zarete, baina gerora, harremana naturalagoa da. Ikastolan, zein bizilagunen artean, bizpahiru urteren ostean, orain hasi zaizkigu normal hitz egiten, bat-batean. Sorpresa bat izan zen, zeren bistaz ezagutzen ginen, baina orain hasi dira gurekin hitz egiten, gauzak partekatzen…».
Gourdjiarentzat «interesgarria da» beste kulturek duten harreman eredua ikustea: «Herbehereetan, hasieratik dira oso-oso irekiak, eta lehen elkarrizketan jada bere bizitza osoa kontatzen dizute, bere iritzi politikoak eta abar. Hemen, ordea, isilagoak dirudizue, badirudi ez duzuela molestatu nahi. Kultura katolikoarekin du zerikusia nire ustez».