"Ongi lan eginak sariren bat jasotzen duenean eskertzekoa da"
Euskal antzerkigintzak asko zor dio Patri Urkizu Sarasuari (Lezo, 1946). Idazlea eta irakaslea ez ezik, ikertzaile sutsua izan da betidanik. Euskal antzerkiaren historia bildu, txukundu eta hainbat libururen bidez argitaratu du. Urtetan egindako lanaren aitortza duela gutxi jaso zuen Donostiako Udalaren eskutik. Ia lau hamarkada daramatza Amara Berrin bizitzen. Haren etxean hartu gaitu.
Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, omenaldia jaso zenuen Viktoria Eugenia Antzokian. Antzerkizale moduan, ikusle izatetik taula gainera igo zinen. Zer sentitu zenuen agertokira igotzean?
Halako zirrara berezia. 50 urtez euskal teatroa ikertzen eta zabaltzen munduan zehar egin dudan lanak merezi duen opari gisa jaso dut.
Zenbaterainoko garrantzia du zuretzat halako omenaldia jasotzeak?
Ongi lan eginak sariren bat jasotzen duenean eskertzekoa da beti, eta Jaime Otamendik Donostia Kulturaren eta Antzerki sailaren, eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren izenean urtetako lanagatik egindako proposamenari baia eman nion esker onez.
Hondarribiko liburu azokan ere sari bat jaso zenuen duela ez asko, ezta?
Bai, eta Asier Muniategik Euskadiko Liburu eta Disko Azoketako koordinatzaileak proposatu zidanean saria jasotzeko Hondarribiko Liburu ferian. Ez nion ezetzik eman, noski, eta udaleko kultura arduradunaren eskutik jaso nuen muraila irudikatzen zuen eskultura tipia.
Aizpea Goenagak hitz ederrak eskaini dizkizu Berria egunkarirako idatzitako artikulu batean. Euskal antzerkiaren maisua zarela dio, besteak beste. Nola hartu dituzu haren hitzak?
Ezin hobeto, kontuan hartuta teatro munduko aditu handi baten ahotik zetozela.
Esker oneko hitzen artean, euskal antzerkigintzaren urgazle eta ikertzaile moduan egindako ibilbide luzea izan zenuen hizpide. Noiz hasi zinen euskal antzerkia aztertzen eta bere historia idazten?
Antzerkia ikusten eta antzezten gaztetxoa nintzela hasi nintzen, eta gero ekin nion ikertzeari. Gero, Salamancatik itzuli nintzenean, Filologia Erromanikoan lizentziatu, Frantziako Liburutegi Nazionalean euskal eskuizkribuak kopiatzen eta 1973an jada bi astolaster argitaratu nituen ASJU-n (Anuario del Seminario Julio de Urquijo), eta 1975an Euskal Teatroaren Historia plazaratu zidan Kriselu argitaletxeak, Agora saria irabazi zuela eta lantxo hark.
Non kokatu behar dugu denboran euskal antzerkiaren sorrera? Zeintzuk izan ziren lehen obrak?
Bereizi behar dira, noski, ikuskizunak eta askoz ere beranduago, XVIII. mendean Peñafloridako kondearekin iritsiko diren argitalpenak. Esango nuke hamahiru liburutan berrogeita hamar antzerkitik gora badagoela.
Ipar eta Hego Euskal Herriko antzerkia jaso eta dokumentatu duzu 50 bat urtetan. Asko da bildutakoa?
Astolaster guztiak –30 idazki–, dozena bat pastoral zaharrenetarik, eta gero ez bakarrik Iparraldekoak, Hegoaldeko teatrogileek itzulitako hainbat lan ere bai. Patriurkizu.eus webgunean ikus eta irakur daitezke xehekiro.
Eta laburbildu beharko bazenu, zein izan da euskal antzerkiaren bilakaera sorreratik egun arte?
Teatroa, eta bereziki gurea, denboraren poderioz etengabe aldatzen doakigu. Eta gaur egun gerraurreko loraldi hura gerrak moztu bazuen ere, orain beste urre edo zilarrezko aroan aski emankor gabiltzala esango nuke.
Gustuko duzu izan duen bilakaera? Hau da, tradizionaletik modernora.
Bai, baina berrizaleek ez dute beti asmatzen kalitateari dagokion biderik egokienarekin.
Orotara, zenbat dira zure bizitzan ikusi dituzun euskal antzezlanak?
Ez ditut zenbatu.
Irakaslea, idazlea eta antzerkizalea zara. Nondik datorkizu antzerkiarekiko lotura?
Alesbeseko karmeldarren komentuan nintzen garaitik. Bestalde, Lezon ere bazen Allerru izeneko antzeztalde bat, non anaia Joxebak parte hartu zuen ere.
Idazle gisa poesia eta narrazioa landu dituzu, batez ere. Saiakerak ere idatzi dituzu, eta hamaika artikulu literaturaz. Baita teatroaz ere. Aldiz, antzezlanik idatzi al duzu?
Bai. Pare bat. Lehena aspalditxo burutua, Kolax 1789 titulatua eta galdua dudana, eta bestea Luteranoa, webgunean irakur daitekeena.
Lezoarra bazara ere, Donostian bizi zara, Amara Berri auzoan. Noiz etorri zinen hona eta zenbat urte daramatzazu Donostian bizitzen?
Alkatetza utzitakoan Marga Rica donostiarrarekin bizitzera etorri nintzenean 1983an.
Donostiak zer nolako harremana du euskal antzerkiarekin?
Hiriak lotura handia du euskal antzerkiarekin. Hiri turistikoa izanik, irekita zegoen hemendik igarotzen ziren kanpoko teatro taldeei, XIX. mende erditik aurrera gutxienez.
Antzoki Zaharra hartuko dugu hizpide. Amable Arias margolariak antzokiari buruzko bilduma bat egin zuen. Hark eta haren amak han egin zuten lan, eta erakusketa batean jaso zituzten antzokiarekin loturiko margolanak. Zehazki, 1950eko hamarkadako Antzoki Zaharreko barruko bizitza irudikatzen dute. Artisten giroa askea zen, baina grisa kalean, diktadura betean. Euskarazko emanaldi batzuk berreskuratzea lortu zuten. Honen berri bazenuen?
Nire osasun egoera dela eta ez dut ikusi ahal izan, tamalez, baina badakigu XIX. mendean Indalezio Bizkarrondo Bilintx eta haren emaztea, hau alargundu eta gero ere bai, bertako arduradun izan zirela.
Antzoki Zaharra euskal antzerkiarentzat funtsezkoa izan da?
Bai, bai. XIX. mendean Martzelino Soroak Iriyarena lanarekin 1878an, Serafin Barojak Pudente operarekin 1879an, eta santomasetan eta urteko beste jaialdi nagusietan jada XX. mende osoan zehar, eta XXI.ean ere bai.
Hiriak bere kultur programazioan leku berezia du euskal antzerkiarentzat? Hau da, azken hamarkadatan euskarazko antzezlan asko estreinatu eta programatu dira Donostian?
Bai, dudarik gabe, baina ez naiz orotara joateko gai izan, beste betebeharrak ere banituelako.
Donostiako Udalak Donostia Antzerkia Saria banatzen du, eta hain justu, banaketa gala horretan jaso zenuen hasieran aipatu dugun omenaldia. Hiri honek euskal antzerkia aintzat hartzen duela uste duzu?
Bai, eta euskal kultura kritiko baten bilakaerarako funtsezkoa dela uste dut. Baina gehituko nuke beste herri anitzetan ere antzerti programazio oso onak antolatzen dituztela. Errenterian, Lezon, Oiartzunen eta Pasaian, adibidez.
Egungo euskal antzerkiari argazkia egin beharko bazenio, zer da ikusiko zenukeena?
Suspertze bizi bat. Programa ausart, ugari eta benetan ikuskizun berri eta ederrekin. Denak, ordea, ez dira maila berdineko.
Loraldirik bada, euskal antzerkia sustatzen duen konpainia berririk?
Loraldi bikaina, bai. Hainbeste dira ez naizela oraingo honetan denen berri emateko gai. Aldiz, hor daude, Madrilen Teatro doktoregoa lortu duten bi langile amorratu, Idoia Gereñu eta Arantzazu Fernandez egun-egungo antzertian jantziak daudenak eta oso lan serioak egin dituztenak.
Oro har, euskaraz propio sorturiko lanak gutxi dira. Gehienak gaztelaniatik itzulitakoak dira, ezta?
Ez nuke esaldi hori bere zorroztasunean sinatuko, egia den arren antzerki anitz erdararen itzulpen eta moldatze lanak direla.
Euskarazko antzezlanek historia propioa idazten jarraitzen dute, eta zu seguru horiei so zabiltzala. Zure antzera, bada besterik euskal antzerkia biltzen eta aztertzen ari dena?
Aipatu ditudan Idoia eta Arantzazuz gain, hor dabil Oier Gillen ere jo eta ke lanean gelditu gabe; eredu.