"Etapa berri bat" ireki nahi du Sarek, euskal presoak etxera ekartzeko
Agerraldi jendetsua egin du Sarek gaur Donostian, urruntze politikaren amaieraren inguruan balorazioa egin, eta hurrengo aldarrikapenak jendarteratzeko asmoz. Izan ere, “urruntze politika gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera”. Sareko eledunek diotenez, “espetxe politikan arazo berriak daude”. Gradu progresioen eta espetxe baimenen inguruko erabaki
Sarek uste du fiskaltza eta justizia auzitegiak irizpide juridikoetan oinarritu ordez, “mendekuan, gorrotoan eta legezkotasunarekiko begirunerik ezean oinarritutako espetxe politika gogora ekartzen duten erabakietan” oinarritzen direla.
Gogoratu dutenez, Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik, hemezortzi hilabete daramatza bere espetxe politika garatzen. 42 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa, baina 42 horietatik 28ren kasuan, erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri da eta hamabi espetxean sartu dituzte berriz, bigarren graduko erregimenean.
Euskal preso politikoak etxean egon behar direla aldarrikatu dute: “Etxean nahi ditugu. Etxera. Bai, etxera”. Sareren ustez, espetxe arloko legeek babesten duten eskakizuna da hau, ez dutelako esaten “zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz”.
“Bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lan egiteko” konpromisoa adierazi du Sarek: “Salbuespeneko jokaerak bukatu behar dira horretarako, ETAren jarduna bukatu eta urte askotara, oraindik, euskal presoen eskubideak urratzeko baliatzen direnak. Helburu horiek lortzeko, kontsentsuetan sakontzeko konpromisoa ere hartzen dugu, arlo politikoan, sindikalean nahiz sozialean”.