M-1ean mundu berri bat aldarrikatu du LABek

Lan eta bizi baldintza duinen aldeko aldarriak izan dira nagusi LABen manifestazioan. “Ukabilak gora, sistema heteropatriarkal bortitz eta jasanezin honen aurrean, aske bizi nahi dugula”, aldarrikatu dute milaka lagunek. Easo plazatik abiatu, eta Parte Zaharreraino jendetza batu du LABek, Donostiako manifestazio jendetsuena eginez.
“Langileen bizitzak daude jokoan”, salatu dutenez. Iaz 69 langile hil ziren Euskal Herrian, lanean, eta 275 inguru lan gaixotasunengatik. Aurten, dagoeneko, hemezortzi dira hildako langileak, eta, horien omenez, lore eskaintza egin dute Trinitate Plazan bildutakoek.
“Bizitzak pribatizatzen eta aberastasuna neurri gabe metatzen” jarraitu nahi dutenen aurrean, “antolatzen eta borrokatzen” jarraituko dutela aldarrikatu dute: “Feminismo gehiagorekin, sozialismo gehiagorekin eta antiarrazismo gehiagorekin”.
Kris Gete LABeko eledunak munduko langile borroka izan du gogoan Presoak gogoan izanez hasi du hitzartzea Gete: “Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea lortu du herri honek. Eta hurrengo erronkari helduko diogu orain: Euskal preso guztiak etxera!”
Munduko Federazio Sindikaleko kideei ere egin die keinu, independentismoa eta internazionalismoa “elkar lotuta” ulertzen baititu LABek: “Mundu berri bat nahi dugu, non herri guztiak libre eta pareko izango diren; mundu berri bat non pertsona guztiak libre eta pareko izango diren”.
“Horregatik, gaur, munduko txoko desberdinetatik Euskal Herrira datozen langile horiek antolatu eta defendatzeko gure erronka berresten dugu. Gure konpromiso antirrazista berresten dugu”, adierazi du Getek
LABen bozeramaleak nabarmendu du langile klasea lan eta bizi baldintzetan murrizketa berriak jasaten ari dela. Krisia, pandemia edota gerra aitzakiatzat hartu eta langile klasearen kaltetan “kapitalaren diru-gosea” asetzeko murrizketak lirateke horiek guztiak, adierazi duenez.
Hala ere, Euskal Herriko langileek aurrerapausoa eman dutela nabarmendu du Getek: “Sindikatuak duela urtebete esan zuen borroka fase berri bat ireki behar zela. Eta gaur, esan dezakegu borroka-fase hori ireki dela”.
Borrokarako deia egin du Getek: “LABeko jendeak badaki aldaketak ez direla Elkarrizketa Sozialerako Mahai batetik etorriko, borrokatik baizik. Aldaketak ez direla Madrildik etorriko, Euskal Herritik baizik. Euskal Herrian eta sektore bakoitzean dauden gehiengo sindikalak errespetatu behar direla”.



















