Añorga Txikiko etxebizitza berrien kopurua gutxitzea dute helburu
Atxiki Añorga auzo mugimendua legealdiko azken udalbatzarrera joango da. Ostegunean izango da, hilaren 4an. EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari Añorga Txikiko etxebizitzen proiektua aldatzeko eskatuko diote. Hain zuzen ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak kontrolerako mozio bateratu bat aurkeztuko dute proiektuak aurreikusten dituen etxebizitza kopurua gutxitzeko. Ostegunean, 12:00etan geratu dira udaletxeko atean udal batzar aretora sartzeko.
“Udal gobernua proiektuarekin aurrera egiten saiatu da azken urteotan. Horren aurrean, auzotarrok mobilizatu gara, hainbat bilera eta batzar egin ditugu, prentsa artikuluak idatzi ditugu… Eta egindako lanak bere fruituak eman ditu. Auzotarron bultzadari esker, auzoarentzat proiektu honek areagotuko dituen arazoak mahai gaineratu dira, eta proiektuaren onarpena legegintzaldi honetan ez gertatzea lortu dugu”, azaldu du Atxiki Añorgak ohar baten bidez.
Añorga Txikin Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia behin-betiko onartzeko asmoa du udal gobernuak. Añorga Txikin, trenbidearen aurreko lursail zabalean, 250 etxebizitza eraikitzea aurreikusten dute. “Udalak auzoaren bizigarritasuna sakrifikatzen du, auzokideek planteatutako arazoak gutxietsiz, eta enpresa eraikitzaileak negozioa egiteko duen eskubidea lehenesten du”, salatu du hasieratik Atxiki Añorgak.