Frantziako Tourrari ongietorria egiteko bizikleta festa antolatu dute
Bi hilabete falta dira Frantziako Tourra Bilbotik abiatzeko, eta Grand Départ Pays Basque 2023 egitasmoak BiziTour bizikleta martxa antolatu du. Donostiako izango da lehenengoa, igandean, hilaren 7an. Bigarrena Gasteizen ekainaren 4an, eta hirugarrena Bilbon ekainaren 25ean.
Gaur goizean aurkeztu dute BiziTour festa, Donostiako Udaletxean. Ekitaldiko familia argazkian izan dira Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren anaiak zein ziklistak (Euskaltel Euskadi), Naia Amondarain txirrindularia (Laboral Kutxa), Igor Anton ziklista ohia, Patxi Vila kirol teknikaria (Movistar), eta Jose Cruz eta Ainhoa Aierdi ultrafondista donostiarrak.
Igandeko jaiaren xehetasunak Martin Ibabe kirol zinegotziak eta Andoni Madariagak (Euskadi Fundazioa) eman dituzte. “Maiatzaren 7an, Donostian, Euskadiko familia guztiak zortzi kilometroko gure ibilbidean modu ludikoan parte hartzera gonbidatuta daude. Guztiok egiteko moduko ibilbidea da, jai giroan, txirrindularitzaren kultura eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin. Ez ahaztu kaskoa!”, adierazi dute.
Bizikletaz egiteko txango seguru eta babestua izango da, guztiontzako modukoa, familian ibilgailuentzat itxitako kaleetan gozatzeko. “Gure lurralde bizikleta zalea aldarrikatu eta bi gurpil gainean mundu mailan erreferente den ekitaldiari, Frantziako Tourrari, ongietorria emateko ospakizuna. Euskal gizarte osoari ‘Grand Départ Pays Basque’ hurbiltzeko modu atsegin, abegitsu, erraz eta parte-hartzailea eta, bide batez, bizikletaren erabilera sustatu eta EAEn barna igaroko diren etapen zirrara aurrez ekartzeko abagunea”, nabarmendu dute.
Bederatzi kilometro inguru
Donostiako BiziTour jaiak bederatzi kilometro inguruko ibilbidea izango du. Sagueseko zabalgunetik abiatuko da, eta hiria zeharkatu ondoren, berriz ere abiapuntura itzuliko da. Ondorengoa da egingo den bidea: Jose Miguel Barandiaran; Zurriola hiribidea; Tourraren arkuan geldialdia; Kursaal zubia; Erregina Erregeordea, Boulevard; Hernani; Askatasunaren hiribidea; Urbieta; San Martin; Kontxa pasealekua; Satrustegi; Zumalakarregi; Tolosa; Andrestegi; Berio; Europa plaza; Tolosa; Zumalakarregi; Kontxa pasealekua; Zubieta; Easo; Askatasunaren hiribidea; Espainia plaza; Argentinar Errepublika; Kursaal zubia; Zurriola hiribidea, Lapurdi plaza Barandiaran.