Emakumezkoen Itzuliak partaidetza esanguratsua izango du
Hiru etapako lasterketa Donostian bukatuko da maiatzaren 14an.
Gaur goizean aurkeztu dute 2023ko Emakumezkoen Itzulia, Donostiako Udaletxean. Maiatzaren 12tik 14ra bitartean jokatuko da, eta hiru etapatan Eika-Etxebarria eta Donostia lotuko dituzte. Hain zuzen ere, hilaren 14n Donostian hasi eta bukatuko da azken etapa.
OCETA antolatzaileek aurreratu dutenez, irteeran txirrindulari esanguratsuak egongo dira, tartean, Demi Vollering iazko irabazlea. Harekin batera, Itzulian parte hartuko duten beste ziklista batzuen izenak eman dituzte: Pauliena Rooijakkers, Marta Cavalli, Annemiek Van Vleuten, Liane Lippert, Niamh Fisher-Black, Iurani Blanco eta Sandra Alonso.
Aurkezpenean parte hartu dute Eneko Goia Donostiako alkateak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendariak, Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kirol diputatuak eta Julian Eraso OCETAko arduradunak. Hain zuzen ere, Erasok erakundeei eskerrak emateko baliatu du hitzartzea: “Emandako babesa eskertu nahi dizuet, zuen laguntzarik gabe lasterketa honek aurrera egingo ez lukeelako. Guztiontzat zailak izandako urte batzuen ostean, badirudi txirrindularitza berriz ere pandemiaren aurretik bezala biziko dugula. Edizio honetan, espero dugu munduko onenetakoak diren gure zaleek Euskadiko errepideak betetzea, beti egin duten bezala txirrindulariei babesa eskaintzeko”.
Hiru etapa
Eika-Etxebarria eta Markina-Xemein artean jokatuko da lehen etapa (122,2 kilometro). Aldiz, bigarrena Gasteiztik abiatu eta Amurrion izango du helmuga (133,2 kilometro). Azkenik, hirugarren etapa Donostian hasi eta bukatuko da (114,8 kilometro).