Añorga Txikiko eraikigarritasuna aldatzea "ezinezkoa" dela dio Arzallusek
Udal gobernuak 'Añorgako Geltokia' plan berezia aurrera eramateko asmoa berretsi du maiatzeko osoko bilkuran.
2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak etxebizitzak eraikitzea aurreikusten du Añorga Txikin. Kopurua promotoreak eta udalak adostu zuten: 250 etxebizitza. Ordutik, Añorga Txikiko auzotarrak elkartu eta mobilizazio ugari egiten ari dira, kopuru hori gehiegizkoa iruditzen zaielako. Horrela, plan berezia aldatzeko eskatu diote behin eta berriz udal gobernuari azken legealdian. Hain zuzen ere, legegintzaldiko azken udalbatzarrera joan dira auzotarrak, kontrolerako mozio bat aurkeztu ahal izan dutelako Elkarrekin Donostiaren eta EH Bilduren bitartez.
Bi eskaera zehatz zuzendu dizkiote EAJren eta PSE-EEren udal gobernuari. Batetik, “benetako” parte hartze prozesua aurrera eramatea, “bizilagun elkarteen ekarpen guztiak aintzat hartuz eta horiek proiektura sartzeko modua haiekin negoziatuz”. Bestetik, Añorga Txikiko hirigintza proiektuan egin nahi duten etxebizitza eraikuntza kopurua “berrikustea” eta haietako zenbait beste esparru batera eramateko azterketa egitea. Mozioa aurkeztu duten bi udal taldeak bakarrik geratu dira, jeltzaleek, sozialistek eta popularrek kontra bozkatu dutelako.
Añorgako Geltokia azpieremuko Hiri Antolamenduko Plan Berezia HAPOaren berrikuspenetik kanpo utzi zuen udal gobernuak, han zehazturiko etxeak egiteko asmoari eusten diotelako. Ordea, HAPOak aurreikusten duena aldatu eta egokitu daitekeela gogoratu du Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak. Aldiz, hori ez dela posible erantzun dio Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek. Bi hitzartzeetan antzekoa errepikatu du. Hau da, Añorga Txikiko eraikigarritasuna aldatzea “ezinezkoa” dela, legeak horrela dioelako. Gainera, etxebizitza kopurua gutxitzeak “kalte-ordain esanguratsuak” eragingo lituzkeela esan du Arzallusek.
Bilerak eta bilerak
Añorga Txikin zazpi, zortzi edo bederatzi bilera egin dituztela esan du Hirigintza zinegotziak, eta partaidetza prozesu bat egin dutela, nahiz eta plan berezi batek ez duen horrelakorik exijitzen: “Beste kontu bat da adosturikoa bizilagunen gustukoa ez izatea. Auzotarrekin bildu gara, eta parte hartze prozesua bukatuta dago”.
Bilera horien balioa eta udal gobernuaren jarrera kritikatu ditu Añorga Txikiko bizilagun eta Elkarrekin Donostiako Aitzole Aranetak: “Bilera horietan bizilagunen iritzia entzun duzue, eta negoziatzeko borondaterik erakutsi duzue? Ez dugu mozio hau ezerezetik atera, bizilagunek eskatu digute”. Horrekin batera, auzokideei esan die “borrokan jarraitzeko”, oraindik plan berezia behin-betiko onartu gabe dagoelako.
Ildo beretik erantzun dio Burutaranek Arzallusi, eta egindako bilera kopuruak ez duela bere funtzioa bete. “Ehun bilera egin bazenituzte ere, auzotarrei ez diezue aukerarik eman proiektua aldatzeko. Oraindik aukera dago aldatzeko; posible da juridikoki eta negoziazio baten bidez”, adierazi du EH Bilduko zinegotziak.