Egiako Subizi gauerako burukoak egiteko ikastaroak antolatu dituzte
San Joan bezperarako Subizi gaua antolatu dute aurten ere Egian, eta dagoeneko prestaketa lanekin hasi dira. Hain zuzen ere, Erdi Aroko euskal emakumeen burukoak egingo dituzte, Mari Domingi pertsonaia ezagunak eramaten duen burukoaren modukoak.
Hilaren 22an eta 29an egingo dituzte ikastaroak, Egia Kultur Etxean, 17:00etatik 19:00etara. Izena ematen dutenek izara zahar bat eramango dute, eta izara hori modu jakin batera josiz osatuko dituzte burukoak. Izena emateko epea zabalik dago, eta Goraegia.eus atariaren bidez eman daiteke izena. Bestalde, Subizi gauean bertan dantza egiteko izena emateko epea maiatzaren erdialdean irekiko dute, eta entseguak ekainaren 12an, 14an, 19an eta 21ean izango dira.