Garraio publikoan egoiliarren "erabateko doakotasuna" aldarrikatu du Victor Lasak
Donostia, hiri irekia izenburupean, Elkarrekin Podemosek – Ezker Anitza-IUk – Alianza Verde eta Berdeak Equo Donostiak ekitaldi bat antolatu dute Easo plazan, lurralde osoko garraio publikoaren sarea hobetzeko eskatzeko. Victor Lasa Donostiako alkategaiak, Miren Etxebeste ahaldun nagusigaiak, Josu Bengoetxea Astigarragako alkategaiak eta Arantza Gonzalez Donostiako zerrendakideak parte hartu dute ekitaldian.
Victor Lasa Donostiako alkategaiak bere hitzaldian azaldu duenez, egungo egoeran “funtsezkoa” da, Donostiaren eta Gipuzkoaren kohesioari eta iraunkortasunari begira, “garraio publiko eta ekologikoaren sistema hobetzearen aldeko apustua” egitea, zerbitzu publiko eta ekologikoen maiztasun handiagoarekin. Lasak, horretarako, “billeteen beherapena mantentzea” proposatu du, eta egoiliarren “erabateko doakotasunerantz” ere aurrera egitea, Donostiako eta Gipuzkoako “kolektibo ahulenetatik” hasita.
Arantza Gonzalez Elkarrekin Donostiaren zerrendako bigarrenak gogorarazi duenez, gaur egun,” gure erronka nagusia, lurralde honetako hiriburu gisa, eredu jasangarri eta kohesionatu bat sortzea da”. Gonzalezen esanetan, Donostia “elkargunea” baino ezin da izan, eta ezin da bizi Gipuzkoako lurraldeak eta bertako herri eta hiriek eskaintzen duten “aberastasun eta aniztasunari bizkarra emanda”.